2018/11/19

Umorez hasi dugu ikasturtea Zumaian!


Pasa den ostegunean, hilak 15, Mintzalagunen hasiera-ekitaldia izan genuen Zumaiako Oxford aretoan. Lagun batzuk elkartu ginen Bakean dagoenari bakean utzi elkarrizketa ikusteko, eta mokadutxoa egiteko moduan ere izan ginen. Askorako eman zuen saioak; barre egin genuen euskarakaden kontura, baita geure buruaz ere. Bertaratutakook aulkitik altxa gabe egon ginen adi-adi, irribarrea ahoan; eta bukatutakoan, jan-edanaz ere gozatu genuen.


 Partaideak
 
Ikasturtea nola hasi den ikusita ezin gara kexatu; izan ere, une honetan, 89 mintzalagun ditugu Urola Kosta eskualdean. Baina izena eman nahi duenak badu aukerarik oraindik: urolakosta@aek.eus helbidera idatzita edo 625485215 telefono-zenbakira deitu.

2018/11/14

Makrobiotika ikastaroa

Pasa den astean makrobiotikaren unibertsora hurbildu ziren Andoaingo mintzalagunak. Oinarrizko azalpenak entzun ondoren, gaueko menua prestatzeari ekin zioten:

     -Miso zopa barazkiekin
     -Seitana laranja erara
     -Artatxiki pastela kakahuete edo tahini saltsarekin
     -Osawa pastela





 Eta ondoren, nola ez, prestatutakoa afaldu zuten Peña Santa Krutz elkartean, konpainia eta armonia oneko

Inoiz ez baita berandu gauza berriak ikasteko, ezta?

Kronika zabalagoa ondorengo HELBIDEAn duzue.

2018/11/12

Zumaian, hasiera ekitaladia!



Irudian ikus dezakezuenez, Zumaian azaroaren 15ean emango diote hasiera mintzalagun ikasturteari. Horren aitzakian, Mirari Martiarena eta Idoia Torregaraik sei bakarrizketa eskainiko dituzte, euskara eta generoa umore gaitzat hartuta. Tentagarria, ezta? Bertaratu eta gozatu ikuskizunaz! 

2018/11/07

Urola Kostan gorakada!


Mintzalagunok ekin diogu ikaskurte berriari, gogotsu eta urte ederra izateko asmotan. kanpainaren ondorioz jende gehiago batu da gugana, izan ere, gero eta gehiago dira euskaraz bizitzeko hautua egin nahi dutenak, jakitetik praktikarako jauzia egin nahi dutenak.

Azkoitian, esaterako, aurten 8 kide gehitu zaizkigu egitasmora, eta iazko 37 kidek jarraitzen dute.  Horiek denak 9 taldetan daude banatuta, aurten bi talde gehiago sortuta.  




Bestalde, goian dituzue iazko inkestaren emaitzak. Antza denez, balorazio ona egin digute. Zorionak, eta eskerrik asko hurbildu zareten guztioi!

2018/11/05

Ikasleak eta mintzalagunak ere Euskaraldiarekin bat!


Mugarria izango da bai Euskaraldia Euskal Herrian. Hiru aste eskas geratzen dira ekimenari hasiera emateko, eta dagoeneko hainbat lagunek euren babesa adierazi dute... Sare sozialetan argazkiak zabaltzen ari dira... Guk ere Euskaraldiarekin bat egiten dugu, eta horretarako argazkia atera genuen Andoaingo ikasle eta mintzalagunekin. Zuk ere bat egingo duzu, ezta? Izan zaitez ahobizi edo belarriprest!