2018/11/29

Euskaraldiak uztitako historio txikiak

Ia astebete daramagu Euskaraldia bizitzen, eta hamaikagarren egunera ere ari gara iristen. Bada, ziur gaude esperientzia politak zein bitxiak tokatu zaizkizula...

Hedabide anitzek tarte berezia eskaini diote Euskaraldiari, eta guk ere keinu txiki bat egin nahi dugu. Errepara iezaiozue, esaterako, ARGIA aldizkariak sortutako atal bereziari. Bertan aurkituko dituzue ariketa kolektibo honek utzitako historio txikiak. Ikusi nahi?

HEMEN duzue luze eta zabalago.

Bitartean, animo eta eutsi goiari!

Euskaraldi on!

2018/11/26

Eibarreko ikastetxeetako Eusliderrak esperientzia

Euskararen normalizazio bidean, gero eta eta egitasmo gehiago jartzen dira abian, bai helduekin bai gazteekin egiteko. Kasu honetan Eibarko lau ikastetxeetan (Zuloaga, Itzio, Aldatze eta La Salle)Eusliderrak esperientzia burutu dute,  eta 250 ikaslek baino gehiagok hartu dute parte. Hori guztia Eta kitto!-ko herri aldizkarian erreportaje batean jaso dute.

Gomendagarria irakurtzea, bertako euskalkian idatzia baitago eta atsegina da.


2018/11/23

Aplikazioen hitzaldia, arrakastatsua!

BIDAIDE egitasmoaren barruan, euskarazko aplikazioen inguruko hitzaldia izan genuen atzo Andoaingo La Salle Berrozpe ikastetxean. Iurdana Acasuso Azkue Fundazioako zuzendariak gaur egun sarean ditugun aplikazioen berri eman zigun, guztiak ere euskaraz eta haurraren heziketarako lagungarriak direnak. Guraso eta zenbait irakasleren artean 20 lagun bildu ginen, eta bertaratutakoak oso gustora aditu genituen Acasusoren azalpenak.


Berak adierazi bezala, arazorik handiena bilaketan datza. Izan ere, ez dago euskararzko aplikazioak biltzen dituen sare bilgune amankomunik; garatzaile bakoitzak bere produktuak egiten ditu eta sarean zehar barreiatuta daude, eta kuxkuxean ibili beharra dago hauek bilatzeko. Produktu berriak eta berritzaileak egon badaude, baina zailena hauen berri izatea da. Azkue Fundazioak lan txukuna egin du honi dagokionez, txosten eguneratua osatu baitu egungo aplikazio interesgarriak biltzen dituena.

Hitzaldiaren aurretik, ordea, BIDAIDE egitasmoaren berri eman zuen Andoaingo AEK-ko ordezkariak. Zer da, bada, BIDAIDE?

Laburrean esateko, gurasoek eta haurrek elkarrekin euskaraz jolasteko aukera eskaini nahi du programa honek. Hainbat helbuu ditu: guraso eta haurren artean euskararen erabilera sustatzea, aisialdirako aukera eskaini eta ondo pasatzea, eta harreman sare berriak osatzea. Urtean zehar hainbat ekintza egingo dituzte.  Interesa duenak Andoaingo udalera eta euskaltegira jo dezake informazioa osatzera.

2018/11/19

Umorez hasi dugu ikasturtea Zumaian!


Pasa den ostegunean, hilak 15, Mintzalagunen hasiera-ekitaldia izan genuen Zumaiako Oxford aretoan. Lagun batzuk elkartu ginen Bakean dagoenari bakean utzi elkarrizketa ikusteko, eta mokadutxoa egiteko moduan ere izan ginen. Askorako eman zuen saioak; barre egin genuen euskarakaden kontura, baita geure buruaz ere. Bertaratutakook aulkitik altxa gabe egon ginen adi-adi, irribarrea ahoan; eta bukatutakoan, jan-edanaz ere gozatu genuen.


 Partaideak
 
Ikasturtea nola hasi den ikusita ezin gara kexatu; izan ere, une honetan, 89 mintzalagun ditugu Urola Kosta eskualdean. Baina izena eman nahi duenak badu aukerarik oraindik: urolakosta@aek.eus helbidera idatzita edo 625485215 telefono-zenbakira deitu.

2018/11/14

Makrobiotika ikastaroa

Pasa den astean makrobiotikaren unibertsora hurbildu ziren Andoaingo mintzalagunak. Oinarrizko azalpenak entzun ondoren, gaueko menua prestatzeari ekin zioten:

     -Miso zopa barazkiekin
     -Seitana laranja erara
     -Artatxiki pastela kakahuete edo tahini saltsarekin
     -Osawa pastela





 Eta ondoren, nola ez, prestatutakoa afaldu zuten Peña Santa Krutz elkartean, konpainia eta armonia oneko

Inoiz ez baita berandu gauza berriak ikasteko, ezta?

Kronika zabalagoa ondorengo HELBIDEAn duzue.

2018/11/12

Zumaian, hasiera ekitaladia!



Irudian ikus dezakezuenez, Zumaian azaroaren 15ean emango diote hasiera mintzalagun ikasturteari. Horren aitzakian, Mirari Martiarena eta Idoia Torregaraik sei bakarrizketa eskainiko dituzte, euskara eta generoa umore gaitzat hartuta. Tentagarria, ezta? Bertaratu eta gozatu ikuskizunaz! 

2018/11/07

Urola Kostan gorakada!


Mintzalagunok ekin diogu ikaskurte berriari, gogotsu eta urte ederra izateko asmotan. kanpainaren ondorioz jende gehiago batu da gugana, izan ere, gero eta gehiago dira euskaraz bizitzeko hautua egin nahi dutenak, jakitetik praktikarako jauzia egin nahi dutenak.

Azkoitian, esaterako, aurten 8 kide gehitu zaizkigu egitasmora, eta iazko 37 kidek jarraitzen dute.  Horiek denak 9 taldetan daude banatuta, aurten bi talde gehiago sortuta.  




Bestalde, goian dituzue iazko inkestaren emaitzak. Antza denez, balorazio ona egin digute. Zorionak, eta eskerrik asko hurbildu zareten guztioi!

2018/11/05

Ikasleak eta mintzalagunak ere Euskaraldiarekin bat!


Mugarria izango da bai Euskaraldia Euskal Herrian. Hiru aste eskas geratzen dira ekimenari hasiera emateko, eta dagoeneko hainbat lagunek euren babesa adierazi dute... Sare sozialetan argazkiak zabaltzen ari dira... Guk ere Euskaraldiarekin bat egiten dugu, eta horretarako argazkia atera genuen Andoaingo ikasle eta mintzalagunekin. Zuk ere bat egingo duzu, ezta? Izan zaitez ahobizi edo belarriprest!