2019/12/20

Oparitu euskara!

Bai, uste baino azkarrago iritsi da eguberri sasoia. Batzuk dagoeneko eginda izango dituzte erosketa eta opariak, baina egongo da oraindik azken unerako utzi duenik ere. Bada, badakigu askotan oparirik onena paperean bildu gabekoa izaten dela: zergatik ez duzu oparitzen zure denbora? Zergatik ez duzu oparitzen euskara?

Izan ere, mila modu daude euskara oparitzeko. Adibidez, izan zaitez BIDELAGUN eta euskaraz egin nahi duenari izugarrizko mesedea egingo diozu. Zuk trukean ere, jasoko duzu opari eder bat:  lagunaren esker ona eta maitasuna, harreman baten hasiera. Astean ordubete baldin baduzu, oparitu ezazu!

Ausartu, hitz egin, eta gozatu! Neguko opor hauek euskaraz disfrutatzera gonbidatzen zaituztegu.

Inoiz baino gehiago, praktikatu eta bizi!

Eguberri on!


2019/12/17

Asteburuko ekintzak

Iragan asteburuan mintzalagun talde batzuek egindako ekintzen berri eman nahi dizuegu. Zarautzen, esaterako, hilaren 14an, AbENduAK azoka aprobetxatuta, mintzodromoan elkartu ziren hainbat lagun. Jende gutxi bertaratu bazen ere, azaldu zirenak oso gustura egon ziren, batzuei oso motz egin zitzaien. Amaieran, oroigarri gisa oparitxoa ere jaso zuten.



Andoainen, berriz, eguraldia aldeko zela eta, bertako mintzalagunek elkarrekin bazkaldu zuten, elkar hobeto ezagutzeko eta harreman sarea osatzeko. Plan xumea izanagatik, giro ederrean egon ziren guztiak, errepikatzeko gogoz. 



Bistan dago, beraz, konpainia onean euskaraz plan politak egin ditzakegula.

2019/12/12

Merezitako omenaldia Orioko bidelagunei

Orioko San Nikolasak iragan berri dira, baina aurtengo bereziagoa egingo zitzaien batzuei. Izan ere, mintzalagunek jaurti zuten hilaren 5ean festa hasierako txupinazioa; horrez gain, Orioko Udalak bertso xume baten bidez eskertu zein omendu zituzten bidelagunak.

Izan ere, ez da gutxiagorako horien lana, bidelariek ezinbestekoa dutelako entzule prestua, bidelagun ona. Eskerrik asko eta bejondeizuela!



2019/12/09

Bidelagunei omenaldia




Abenduaren 3an, hain justu Euskararen Nazioarteko egunean,  Zarauzko Udalak mintzalaguneko bidelagunak omendu zituen 10 urte hauetan beraiek egindako lana eskertzeko asmotan. Ekitaldia oso hunkigarria izan zen:  esker- mezuak entzun ondoren, banan-banan jaso zuten eguzki-lore itxurako oroigarria. Azkenik, Iñaxio Uria bidelagunaren bertsoak entzuteko aukera izan zuten bertaratu ziren guztiek.




Aupa zuek eta mila esker bidelagun guztioi bihotz-bihotzez!

2019/12/04

"Mintzalagun talde batean hasi denak, harremana hasieratik euskaraz egin du, eta hortaz jabetzea garrantzitsua da"



Urte luzeetako ibilbidearen ondotik, ezaguna da dagoeneko Mintzalaguna edo Berbalaguna egitasmoa. Tokian tokira egokituta ere, helburua bera da: parte hartzaileek euskaraz aritzeko espazio bat izatea. Gipuzkoan hainbat herritan horretan dihardugu, eta kasu honetan, Astigarragara jo dugu hango esperientziaren berri izatera. Iker Goñi euskara irakasle eta mintzalagunaren dinamizatzailearekin aritu gara solasean.




Zein da zuen istorioa, Iker?

HIZKIDE programarekin hasi ginen. Bikoteka egiten zen, alegia, euskaldun zaharra eta euskara praktikatu nahi zuena elkartuta. Duela bost urte gainerako herrietan egiten zena ikusita, taldetara pasa ginen, oraingo mintzalagunaren formatura. Jendeak eskertu zuen, batez ere, batek huts egiten zuenean bestea zintzilik geratzen zelako, eta taldean, berriz, aukera handiagoak daude.
 
Zaila da batzuetan ikusgarritasuna lortzea herrian... zer nolako harrera izan duzue?

Egia esan betiko taldeak gaude. Baina batetik edo bestetik, irakasleek aipatzen dutela edo herriko kronikan agertzen garela, herrian ezaguna egin dela dirudi, batez ere gurasolaguna, jakin badakite zer den.

Biak dituzue, beraz: bai mintzalaguna eta bai gurasolaguna.

Bai, eta aipatzekoa da gurasolagunera jende berri dezente etorri dela, hor sumatu dugu igoera. Honetan hasi ginen mintzalagunaren dinamika berarekin; hala ere, ez zuen arrakasta handirik izan, tartean jendea erori baitzen. Hori ikusita dinamika aldatu genuen: astean behin elkartzea guztiok batera. Orain Xaguxar aisialdi taldeak dinamizatzen du, pixka bat ludoteka formatua dauka, baina gurasoak eta haurrak elkarrekin daude. Eta hilean behin Xaguxar taldeak berak tailer bat antolatzen du. 
 
Elkarlanean zabiltzate, hortaz.

Hori da. AEK, Udala, Xaguxar, guraso elkartea, eta ikastolaren arteko elkarlana da. Ikastolak berak ere kezka du haurrengan (euskararen) erabilera jaitsi egin delako. Herriari begira, jende kopuruz asko handitu da, guraso berri asko etorri dira... ikastolako patioan nabari da gurasoak edo haurrak erdaraz. Ikastolan bileretan aipatzen dute: alarma gorria piztu da. Orduan ikastolak ere gurasoengan eragin nahi du, horiek haurrengan eragiteko, jakina. Eta hor sartzen gara gu, gogorarazten diegu gurasolaguna dagoela. Egia da proportzioan gutxi direla, baina zortzi lagun etorrita ere, guretzat arrakasta da. 
 
Aipatu duzunez, gutxi izan arren, askotan daukagun zalantza da nola osatu agenda erakargarri bat. Nola egiten duzue zuek?

Minzalagunekin urtean zehar ekintza osagarririk ez dugu antolatzen. Ikasturte amaieran bai, “Eskerrik asko ,bidelagun!” ekimena antolatzen dugu, hitzak dioen bezala, bidelagunei borondatezko lan hori eskertzeko, opari bana eginez. Urtero formatua aldatzen dugu. Bertsoak egin, aurreskua dantzatu diegu...

Urteko hori Zilegi eskola bidez osatzen dugu, Hernanin eta Astigarragan ikastaroak antolatuta, hilero bat edo bi. Azken finean, horixe da, ikastaroak eskaintzea. Aspalditik datorren kontua da, eta horretara gonbidatzen ditugu mintzalagunak. Denetik egin dugu: barreterapia, suhiltzaileen egoitzara bisita, eskulanak, ogi beganoa egiteko ikastaroa...
Kultur agendan agertzen gara, klaseen ordutegian jartzen dugu baina herrira zabaldua dago.
 
Zer esango zenioke parte hartu nahi duenari?

Aurkezpenak egiten ditugunean beti gauza bera esaten dugu: ikasi nahi duenak ezinbestekoa du praktikatzea, eta norberarentzat gainera onuragarria da. Era berean, parte hartzaileek herriari ere onura egiten die, espazio batzuk, behintzat, ordu eta leku jakin batean euskalduntzen ari dira. Sentitu dezatela herriari zerbait eskaintzen diotela.

Eta garrantzitsua da jabetzea askoren arazoa zein den: nahiz eta ingurune euskalduna izan, ordura arteko harremanak erdaraz izan ditu, eta zaila izaten da hizkuntza komunikatiboa aldatzea. Orain, mintzalagun talde batean hasi denak, harremana hasieratik euskaraz egin du, ez du txip aldaketarik edo hizkuntza aldaketarik egin beharko.

 Argazkian iazko gurasolagun taldea
 
KURIOSITATEAK

Astigarragak 7.000 biztanle inguru ditu. Demografiak biziki eragin du herriaren euskalduntzean, 15-20 urtetan bikoiztu egin baita biztanleria, gehienbat Donostia aldetik etorrita. Ondorioz, askok bizitza egin baino lo egiten dute, alegia, lo herri dela esan genezake. Honetara ezkero, jakin badakigu demografia aldaketak hertsiki lotuta daudela herriaren hizkuntza ohiturekin.
Baina hori beste baterako eztabaidagaia da.




 

2019/11/20

Beldurrezko istorioak entzunez




Urola Kostako mintzalagunak azaroaren 14an Orioko kultur etxean elkartu ziren aurtengo egitasmoari hasiera emateko.  30 bat bertaratu ziren ekitaldira eta ederki gozatu ere Apaxi ipuin kontalariak kontatutako beldurrezko ipuinez.

Momentu honetan 19 talde ditugu Urola kosta eskualdean: hiru Zumaian, bi Orion eta hamalau Zarautzen;guztira, beraz, 80 bat lagun.



2019/11/13

Zenbat jarduera egiten dituzu euskaraz?

Honezkero dakizuenez, Praktikatu taldeak material didaktikoa sortu berri du bere eskaintza ezagutzeko eta sustatzeko asmoz. Zerbitzuen berri emateaz gain, egunerokotasunean hizkuntzak duen garrantziaz hausnartzeko abagunea eskaintzen digu. 

Material hau oso interesgarria iruditu zaigunez, hemen doa lagin bat. Izan ere, eguneko zenbat jarduera egiten dituzu euskaraz?



Aste on!

2019/11/07

Ipuin beldurgarriak entzun nahi?


Azaroan sartzearekin batera, ari gara mintzalagun taldeak indartzen eta ixten. Hala, Usurbilen ere hasiera ekitaldia egingo dute Urola Kostako egitasmoa martxan jartze aldera. Kasu honetan, gau beltza aitzakiatzat hartuta, ipuin beldurgarriak entzuteko parada izango dugu. Azaroaren 14an izango da, arratseko 18:30ean, Orioko kultur etxean. Gonbidatuta zaudete!
 

2019/10/25

MINTZALAGUNA EGITASMOA BIZIBERRITUTA DATOR!


Andoaingo Mintzalagunen ikasturteari hasiera eman zioten herenegun, urriaren 23an, hasiera ekitaldi xume baten bitartez. Egitasmoan parte hartzen dutenak zein gainerako herritarrak ere hurbildu ziren, eta hala, Pituxa clownaren bakarrizketaz gozatzeko aukera izan zuten. Horren aurretik, eta nobedade gisa, spot berria aurkeztu zuten, helburu duena egitasmoari haize freskoa eta umoretsua ematea. Hemenxe duzue:




Dagoeneko herrian ezaguna egin den proiektua da honakoa. Izan ere, 50 lagunen kopurua gainditu dute, tartean talde egonkorrak eta aldizka aldatzen doazenak daude. Osasuntsu eta bizi-bizirik dago, beraz, Andoango mintzalagunen sarea.



2019/10/22

Andoaingo Mintzalaguna taldeak bidelaguna behar du

Dagoeneko hasi dira martxan Andoaingo Mintzalaguneko kideak. Iraila eta urrian kanpaina egin ondoren, taldeak osatu eta asteroko hitzordua egiteko unea iritsi da. Orain artean harrera ona izan du egitasmoak herrian, oro har, talde fidelak eta egonkorrak osatu baitira azken urteotan. Aurten ere partaide berriak hurbildu dira, baina batez ere bidelariak dira, hau da euskaraz praktikatu eta hitz egin nahi dutenak. Ondorioz, egitasmoak bidelagunen beharra du , alegia, euskaraz egin nahi duenari lagunduko diotenak, euskaldun zaharrak edo euskaraz txukun moldatzen direnak. Batik bat, goizetan libre dragoen bidelagunen bat behar da; talde gehienak arratsaldez elkartzen dira, baina badago goizetan geratu nahi duenik ere, eta hutsune bata dago hor. Dena den, edozein herritarrek parte hartu nahiko balu ongietorria izango da.

Era berean, parte hartzaileen borondatea eskertu nahi dugu, ezinbestekoa baita hauek egiten duten ekarpena eta ahalegina balioestea. Agerian geratu da beste behin ere hizkuntza ohiturak aldatu nahi dituen herritar ugari dagoela Andoainen. 


Gauzak horrela, bihar, urriaren 23an hasiera ekitaldia egingo da pleno aretoan, arratsaldeko 19:00etan. Pituxa clownak bakarrizketa laburra eskainiko du: "Pituxa euskararen arrastoan". Ekitaldi xumea baina polita izango da. Gonbidatuta zaudete!

2019/10/18

'Katu' liburuari buruz hitz egin du Iñigo Dierezek Mintzalagunen aurkezpen ekitaldian

Atzo Azkoitian jendetza bildu zen Katu liburuaren aurkezpenaren aitzakian. Mintzalagunaren ikasturteari hasiera emateko baliatu zuten abagunea, eta arrakasta izan zuen ekimenak. 

Kronika osoa hemen duzue irakurgai




Momentuz hamaika  talde mantenduko dira Azkoitiko Mintzalaguna egitasmoan, iazko kopuru bera. Beste hiru kide berrik ere izena eman dute, eta beraz, beste talde bat gehiago izatea aurreikusten dute.

2019/10/15

Ikasturteko lehen ekintzak


Datozen asteotan mintzapraktika egitasmoei hasiera emateko ekitaldiak antolatuko dira Gipuzkoako Mintzalagunon sarean.
Azkoitian abagunea aprobetxatuko dute kulturari keinu txiki bat egiteko, eta hortaz, Iñigo Dierezen Katu liburuaren aurkezpena egingo dute. Asmoa bertaratzen direnak liburua irakurtzea eta hori lantzea da, eta aurrerago literatura tertulia egitea aurreikusi dute.




 Ziur interesgarria izango dela. Gonbidatuta zaudete!

2019/09/16

BAGATOZ... ETA INDARTSU, GAINERA!



Euskal Herrian badugu mundu bat guztiok partekatzen duguna, euskararena. Euskal hiztun izan ala ez, euskara usaintzen dugu, entzuten, ikusten, arnasten... Eta gero eta euskaldun gehiagok egiten dugu euskaraz bizitzeko aukera.

Ikasturte berriarekin batera mila eta bat aukera ditugu esploratzeko zain, eta euskararen mundu magikoa ere horietako bat izatea nahi dugu. Dagoeneko ezagunak dira Mintzalagun egitasmoak: euskaraz hitz egiteko espazioak dira, astean behin elkartu eta ordubetez euskaraz aritzeko saioak, nahierara moldatu daitezkeenak, aisialdiari eta eguneroko martxari egokitutakoak, erabat doakoak.

Hortaz, zalantzan dabilenak ez dezala bitan pentsatu: Mintzalaguna hizketaldi bat baino gehiago da, euskal munduaren alde egiteko ariketa da. Euskaraz dakienak leiho bat irekitzen baitio euskara ikasi/praktikatu nahi duenari, mundu bat zabaltzen dio... eta alderantziz ere bai. 
Harreman berriak egiteko bidea ere bada, teoriatik eta erabilera akademikotik libre, praktikara bideratua. Hitz gutxitan: erabileran eragiteko modu zuzena eta praktikoa.



Zabalik dago, beraz,  izena emateko epea mintzapraktika programetan. Aurten ere, AEKren Praktikatu zerbitzutik hainbat aukera eskaini nahi dizkizugu: astean behin mintzataldean elkartu eta lasai hitz egin; gurasolagun egitasmoan tailerrak eta asteburu pasak egin familian; Kirola eta Natura programaren bidez Euskal Herriko naturguneak ezagutu; mintzodromoetan parte hartu; eta gure bestelako eskaintzez gozatu: tailerra, hitzaldi, kantulagun, irakurzale klubak... Denetan sentituko zara primeran, nork bere helburua beteta: euskara praktikatzea eta lagun berriekin euskaraz egitea.


Horregatik herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu euskaraz bizitzera, norbere lotsak alde batera utzi eta egitasmo hauetan parte hartzera. Aski duzu zeure inguruko euskaltegi, euskara-elkarte edo euskara-zerbitzuetara jotzea,

Elkarrekin lortugu dugu! Zatoz mintzalagunon mundura!

2019/06/20

Urola kostan Mintzalagunaren 10. urteurreneko ekitaldia








Urola kostan pozik egoteko moduan daude, izan ere, mintzalaguna egitasmoak 10 urte betetzen ditu. Hori dela eta, ospakizun berezia egingo dute: oroitzapenak partekatuko dituzte, barre zein negar egin, abesten ere ariko dira eta sarientzako tartea ere izango da. 19:00etatik aurrera Modelo aretoan.

Ekitaldia iragartzeko spota ere egin dute, hor goian ikusgai duzuena.
Bejondeizuela guztiei!




2019/06/19

Bertsotan ere bai!


Atzoko bero sargoriari aurre egiteko. bertso giroan ibili ziren mintzalagunak Unai Mendizabal eta Haritz Mujika bertsolarien bidelagun. Lanbroa tabernan egin zuten lehen geldialdia, eta ondoren herrian zehar ibiliko  kantuan eta puntutan. Entzule gisa bakarrik ez, mintzalagunek zein Andoaingo AEKko ikasleek ere gai jartzaile lanak egin zituzten, punturen bat edo beste prestatuta. Primerako saioa izan zen atzokoa, bi bertsolariak oso fin, umorez eta fresko aritu ziren. Ezagun da entrenatuta daudela!

Horrela amaitu dute ikasturtea Andoainen, baina hurrengorako pilak kargatuta izango dituzte, ziur!




2019/06/14

Ekaina behar bezala bukatzeko, azken ekitaldiak!

Oraingoan Usurbilgo eta Andoaingo ekintzen berri eman nahi dizuegu.
Lehenengoan arteari lotutako irteera bat egingo dute, Zumetaren arte estudiora bisita, hain zuzen ere. Ondoren, mokadutxoren bat jateko parada izango dute.

 
Andoainen, berriz, bertso-poteo animatua egingo dute ikasturtea ixteko, eta kantuan ibiliko dira Unai Menbizabal eta Haritz Mujika bertsolariak bidelagun dituztela.


2019/06/11

IKASTURTEKO AZKEN EKINTZAK!

Ekaina iristearekin batera itxiera ofiziala emango diegu mintzalagun taldeei. Horregatik, hianbat herritan azken ekitaldiak antolatzen ari gara. Esaterako,
 Astigarragan "Eskerrik asko, mintzalagun!" jaia antolatuko dugu, urtero bezala,ikasturteari amaiera emateko. Helburua mintzalagun guztiok elkar ezagutzea eta elkarren berri izatea da. Gainera, bidelagunei opari bana emango diegu egindakolana eskertzeko.
 
Ekainaren 14an izango da horretarako parada, arratsaldeko 19:00etan,
 Ikatza tabernan.




2019/06/07

Bidaide egitasmoko azken ekintza Andoainen

Andoainen ikasturteari itxiera emateko, azken ekintza egin zuten iragan ostiralean  Bidaide egitasmoaren baitan. Oka jolasean aritu ziren bai gurasoak eta bai haurrak,  eta eguraldia lagun zutela, joko dinamikoak eta mugituak egin zituzten elkarrekin.



Urte osoan zehar lau ekimen egin dituzte guztira, helburua izanik gurasoak eta haurrak elkarrekin euskaraz jardutea, ahal dela, jarduera entretenigarri eta ludikoak egiten ari diren bitartean. Horrela, azaroan Aplikazioak euskaraz izeneko hitzaldiarekin hasi eta maiatzean Oka jolasarekin itxi dute ikasturtea.



Ez dugu ahaztu behar, ordea,  udan ere euskaraz aritzeko jarduerak eta adibideak ugari ditugula. Beraz, ez dago aitzakiarik eta egin ezazue zuen aukera!

2019/06/05

Zizurkilgo Karobira bisita gidatua



Urtero legez, Galtzaundi Euskara Taldeak antolatuta, Tolosaldeako mintzalagunak bisita gidatua egin zuten Zizurkilgo Irizibarko karobira. Tolosa, Ibarra, Irura eta Anoetako mintzakideak elkartuta, Joxin Azkueren eskutik entzun zituzten azalpen zinez interesgarriak, bidean ibilaldiaz gozatuz. Ondoren, hamaiketakoa hartzeko parada ere izan zuten.







2019/05/29

Altzoko Handiaren bisita-gidatua egin dute Andoaingo Mintzalagunek


Altzon izan ziren Andoaingo Mintzalagunak iragan larunbatean. Enaitz gidak emandako azalpenak entzun bitartean, Migel Joakin Eleizegi (1828-1861) 'Handia' zenaren urratsak batetik bestera jarraitu zituzten: eliza, baserria eta erakusketa. Liluratuta egin zuten ibilbidea, entzuten ari ziren kontakizunak tarteko: "2,42 metroko garaiera omen zuen", "195 kg pisatzen omen zituen", "ikusi zenbat neurtzen zuen besoak zabalduta", "hemen eserita oinekin lurra ukitzen omen zuen"... 



Eguraldi goibelak ez zituen izutu eta oinez zati bat egiteko aukera ere izan zuten.

Aurtengo ikasturtean, Andoaingo Mintzalaguna egitasmoak Xabi Paiaren ikuskizuna, sagardotegia, sukaldaritza makrobiotikoaren tailerra eta Altzoko Handiaren bisita-gidatua antolatu ditu.



 Argazki gehiago ikusteko jo ezazue
helbide honetara.

2019/05/24

ZInemaldiaz gozatzen, Azkoitian!


Iragan ostegunean Azkoitian giro ederrean elkartu ziren Zinemaldia egitasmoaren harira. Aupa Etxebeste! filma izan zuten ikusgai, eta pelikula komentatu bitartean mokadutxoaz gozatzeko aukera izan zuten.


Aipagarria da ekimena bera mintzalagun talde batek izan zuela. 
Izan ere, euskal filmek gero eta arrakasta handiagoa dute, eta izugarrizko kalitatea dugu etxean. Horrelakoetan argi geratzen da ez dugula urrutira jo beharrik ikus-entzunezko ederrez gozatzeko. 

Ea, bada,horrelako gehiago egiten dituzuen!

2019/05/20

Azken txangoak

Praktikatu zerbitzuak antolatutako azken bi txangoak ekainean izango dira. Horrela emango zaio amaiera Kirola eta Natura egitasmoari, zeinak naturaren bitartez euskara eta kirola uztartzen dituen.



Izen-ematea helbide honetan egin dezakezue.

Anima zaitezte!


2019/05/17

Bisita gidatua Orion!


Hona hemen astebururako beste plan bat: Orion bisita gidatua egingo dute, Urola Kostako mintzalagunek antolatuta. Eguraldia lagun izango ez badugu ere, aitzakia ederra da herria hobeto ezagutzeko.



Seguru giro ederrean ibiliko direla! Bejondeizuela eta animo!

2019/05/14

Ipuin kontaketa Anoetan

 Iragan ostiralean Anoetako Mintzalagunak antolaturik, ipuin kontaketa saioa izan zuten Anoetako udal liburutegian Leire Zinkunegi oriotarraren eskutik.
Ekitaldira 20 haur eta euren zenbait laguntzaile hurbildu ziren, eta giro ederrean egon ziren bertaratutakoak.

Gero eta ugariagoak dira gisa honetako ekimenak, ohartuta baikaude guraso eta haurren arteko komunikazio ohiturak izugarri eragiten dutela eguneroko ohituretan.



Oraindik zalantzan dabilen jendeak aukera dauka horrelako egitasmoetan izena emateko, udaletxera hurbilduta edota gertuen daukan AEK euskaltegira hurbilduta.

2019/05/08

Azkoitiako testigantza


Azkoitia aldean,  Mintzalagun egitasmoan parte hartzen duten bidelagun eta bidelariei testigantzak hartzen dizkiete. Bada, oraingo honetan Xiomara Galvisen hitzak bildu dituzte. Elkarrizketa irakurtzeko, HEMEN sar zaitezkete.




Bistan da bidelari eta bidelagun guztiek merezitako esfortzua egiten duzuela. Beraz, jaraitu ezazue horrela! Zorionak eta eskerrik asko!

2019/04/30

ENTZIA MENDILERRORA BISITA


Kirola eta Natura egitasmoaren hurrengo irteera Entzia mendilerrora izango da, maiatzaren 12an. Bertan dituzue xehetasun guztiak:


 
Izen-ematea HEMEN. Azken eguna maiatzaren 9a.
Animatu!

2019/04/11

KORRIKAn girotuz!

Korrika txikiak, pintxo pote girotuak, mintzalagunen arteko hiztorduak... edozein aitzakia onda da elkartu eta ondo pasatzeko. Urola aldean ere aprobextatu zuten Korrikaren olatua, bertso-korrika antolatu baitzuten. Andoainen, berriz, peto-potean aritu ziren, eta lekuko eramaleei peto zenbakitua banatu zizkieten. Behean ikus ditzakezue argazkiak:


Andoaingo peto-potean. Giro ezin hobea jarri zuten!

2019/04/03

BADATORRELA!

Dagoeneko ez du aurkezpen handirik behar, ezta?

Mintzalagun kide guztiok Korrikan parte hartzera animatu  nahi zaituztegu. Egin korri, animatu, hurbildu... zure esku zein rol hartzen duzun. Gurekin etorri nahi?

Egin KLIKA!


2019/03/27

Datza tailerra, arrakastasua!


Hirugarrengo urtez jarraian, dantza tailerra antola zuen atzo Andoaingo Mintzalagun taldeak. Saio jendetsua izan zen, eta bai haurrak eta bai euren laguntzaileak ere plaza dantzak dantzatzen aritu ziren. Andoaingo URKI dantza taldeak gidatu zuen saioa, eta esan daiteke arrakastatsua izan zela, espero baino jende gehiago bertaratu baitzen.


Bidaide egitasmoaren barruan antolatu zuten laugarren ekintza izan zen. Izan ere, ekimenaren helburuetako bat haur zein helduek elkarrekin euskaraz jardutea da, horretarako ekintza entretenigarriak eta aproposak baliatuta.





2019/03/18

Bidelarien testigantzak bilduko dituzte Azkoitian


Azkotian mintzalagunaren egitasmoa hedatzeko asmoz, hilero bidelari baten testigantza bilduko dute herriko aldizkarian. Kasu honetan Olvido Hernandori egin diote elkarrizketa. Ziur baduela zer kontatua!

 Olvido Hernando Mintzalaguneko bidelariaren testigantzak

HEMEN duzue elkarrizketa irakurgai

2019/03/07

Barbadun ibaitik ibilaldia, Muskizen



Hilaren 24an izango da Kirola eta Natura egitasmo barruan hurrengo irteera. Kasu honetan, Muskizera egingo dugu salto. Bertan, zortzi kilometroko ibilaldi laua proposatzen dizuegu, umeekin egiteko aproposa, hiru ordu ingurukoa. Topalekua Muskizko Meatzari aretoko sarrera izango da goizeko 10:00etan eta ibilaldi gidatua 10:30ean hasiko da, doan. Partaide bakoitzak eman behar du izena martxoaren 21a baino lehen. Izena emateko hemen duzue aukera: https://goo.gl/w9BDuC

Paraje berriak ezagutzeko aukera paregabea da, anima zaitezte!



Eta badakizue, praktikatu eta bizi!

2019/02/27

Mintzalagunok eta ikasleak, inauterietan murgilduta!



Ate joka ditugu neguko jairik ospetsuenak: inauteriak. Euskal Herri osoan osaptzen dira, herri bakoitzak bere erara, bere grazia eta ikusmoldea emanez. Bada, Andoaingo euskaltegian ere mozorrotu egin gara, KORRIKA eta INAUTERIAK gaia oinarri hartuta. Barre on batzuk egiteko balio izan digu, eta ez da gutxi. 

Hemen dituzue argazki batzuk:




Ondo ibili eta disfrutatu jai hauetan!