Urte luzeetako ibilbidearen ondotik, ezaguna da dagoeneko
Mintzalaguna edo Berbalaguna egitasmoa. Tokian tokira egokituta ere,
helburua bera da: parte hartzaileek euskaraz aritzeko espazio bat
izatea. Gipuzkoan hainbat herritan horretan dihardugu, eta kasu
honetan, Astigarragara jo dugu hango esperientziaren berri izatera.
Iker Goñi euskara irakasle eta mintzalagunaren dinamizatzailearekin
aritu gara solasean.
Zein da zuen istorioa, Iker?
HIZKIDE
programarekin hasi ginen. Bikoteka egiten zen, alegia, euskaldun
zaharra eta euskara praktikatu nahi zuena elkartuta. Duela bost urte
gainerako herrietan egiten zena ikusita, taldetara pasa ginen,
oraingo mintzalagunaren formatura. Jendeak eskertu zuen, batez ere,
batek huts egiten zuenean bestea zintzilik geratzen zelako, eta
taldean, berriz, aukera handiagoak daude.
Zaila da batzuetan ikusgarritasuna lortzea herrian... zer nolako
harrera izan duzue?
Egia
esan betiko taldeak gaude. Baina batetik edo bestetik, irakasleek
aipatzen dutela edo herriko kronikan agertzen garela, herrian
ezaguna egin dela dirudi, batez ere gurasolaguna, jakin
badakite zer den.
Biak
dituzue, beraz: bai mintzalaguna eta bai gurasolaguna.
Bai, eta aipatzekoa da gurasolagunera jende berri dezente etorri
dela, hor sumatu dugu igoera. Honetan hasi ginen mintzalagunaren
dinamika berarekin; hala ere, ez zuen arrakasta handirik izan,
tartean jendea erori baitzen. Hori ikusita dinamika aldatu genuen:
astean behin elkartzea guztiok batera. Orain Xaguxar aisialdi taldeak
dinamizatzen du, pixka bat ludoteka formatua dauka, baina gurasoak
eta haurrak elkarrekin daude. Eta hilean behin Xaguxar taldeak berak
tailer bat antolatzen du.
Elkarlanean zabiltzate, hortaz.
Hori
da. AEK, Udala, Xaguxar, guraso elkartea, eta ikastolaren arteko
elkarlana da. Ikastolak berak ere kezka du haurrengan (euskararen)
erabilera jaitsi egin delako. Herriari begira, jende kopuruz asko
handitu da, guraso berri asko etorri dira... ikastolako patioan
nabari da gurasoak edo haurrak erdaraz. Ikastolan bileretan aipatzen
dute: alarma gorria piztu da. Orduan ikastolak ere gurasoengan
eragin nahi du, horiek haurrengan eragiteko, jakina. Eta hor sartzen
gara gu, gogorarazten diegu gurasolaguna dagoela. Egia
da proportzioan gutxi
direla, baina zortzi lagun
etorrita ere, guretzat arrakasta da.
Aipatu duzunez, gutxi izan arren, askotan daukagun zalantza da
nola osatu agenda erakargarri bat. Nola egiten duzue zuek?
Minzalagunekin urtean zehar ekintza osagarririk ez dugu antolatzen.
Ikasturte amaieran bai, “Eskerrik asko ,bidelagun!” ekimena
antolatzen dugu, hitzak dioen bezala, bidelagunei borondatezko lan
hori eskertzeko, opari bana eginez. Urtero formatua aldatzen dugu.
Bertsoak egin, aurreskua dantzatu diegu...
Urteko hori Zilegi eskola bidez osatzen dugu, Hernanin eta
Astigarragan ikastaroak antolatuta, hilero bat edo bi. Azken finean,
horixe da, ikastaroak eskaintzea. Aspalditik datorren kontua da, eta horretara gonbidatzen ditugu mintzalagunak. Denetik egin dugu:
barreterapia, suhiltzaileen egoitzara bisita, eskulanak, ogi beganoa
egiteko ikastaroa...
Kultur agendan agertzen gara, klaseen ordutegian jartzen dugu baina
herrira zabaldua dago.
Zer esango zenioke parte hartu nahi duenari?
Aurkezpenak egiten ditugunean beti gauza bera esaten dugu: ikasi nahi
duenak ezinbestekoa du praktikatzea, eta norberarentzat gainera
onuragarria da. Era berean, parte hartzaileek herriari ere onura
egiten die, espazio batzuk, behintzat, ordu eta leku jakin batean
euskalduntzen ari dira. Sentitu dezatela herriari zerbait eskaintzen
diotela.
Eta garrantzitsua da jabetzea askoren arazoa zein den: nahiz eta
ingurune euskalduna izan, ordura arteko harremanak erdaraz izan ditu,
eta zaila izaten da hizkuntza komunikatiboa aldatzea. Orain,
mintzalagun talde batean hasi denak, harremana hasieratik euskaraz
egin du, ez du txip aldaketarik edo hizkuntza aldaketarik egin
beharko.
Argazkian iazko gurasolagun taldea
KURIOSITATEAK
Astigarragak
7.000 biztanle inguru ditu. Demografiak biziki eragin du herriaren
euskalduntzean, 15-20 urtetan bikoiztu egin baita biztanleria,
gehienbat Donostia aldetik etorrita. Ondorioz, askok bizitza egin
baino lo egiten dute, alegia, lo herri dela esan genezake. Honetara
ezkero, jakin badakigu demografia aldaketak hertsiki lotuta daudela
herriaren hizkuntza ohiturekin.
Baina
hori beste baterako eztabaidagaia da.
No comments:
Post a Comment