2020/03/27

Bideoak eta gehiago berrogeialdiari arurre egiteko

Aurreratu genizuen Praktikatu zerbitzutik itxialdiari aurre egiteko lehiaketak antolatzen hasi garela. Bizkaia aldean oso harrera txukuna izaten ari da, baina Gipuzkoa aldean ere hasi gara mugitzen. Horren erakusle da Andoaingo Aitorrek bidalitako bideoa. Zer egin etxean gauden honetan? Bada, aukera on bat da sukalderako aprobetxatzea. Kontatu digunez, ananazko madalenak egin ditu Behean duzue bidalitako bideoa:


Bejondeizula, Aitor! 

Bestalde, Urola Kostako Eukene dinamizatzaileak kontatu digu kronika lehiaketa jarri dutela martxan.  Bideoz, argazkiz, marrazkiz edo bururatzen zaien eran egiten ari diren hori kontatzeko aukera izango dute, eta noski, saria ere egongo da. Ea animatzen zareten!

Iristen zaizkigun argazki zein bideoak argitaratzen joango gara. Izan ere,
garrantzitsuena etxean egotea da orain, baina eman diezaiogun kolore pixka bat gure egunerokoari. BIRUSAK EZ GAITU MUTUTUKO, EZTA GELDITUKO ERE!

2020/03/25

BIDEO LEHIAKETA MARTXAN!

Praktikatutik abiatutako egitasmoa harrera ezin hobea izaten ari da, eta berbalagunak eta mintzalagunak topera gabiltza, bideoak jaso eta jaso ari baikara! Andoainen ere berrogeialdia arintzeko bideo lehiaketa abiatu dugu, ea bada animatzen zareten eta jasotzen ditugun!
Beraz, badakizue, egiten duzuena egiten duzuela, bidali zuen bideoa eta sari eder bat zozkatuko dugu!


Urola Kostako Eukenek bideo bat bidali digu. Bertso sorta ederra osatu du hango mintzakide batek... Bejondeizula!  
Biba zuek! #BirusakEzGaituMututuko


2020/03/23

BIRUSAK EZ GAITU MUTUTUKO!

Dagoeneko astebete igaro da itxialdia hasi genuenetik. Bistan da errotik aldatu digula guztioi ere lan egiteko modua, eta hasierako egunen nahasmenduaren ondoren, ari gara buelta ematen. 

Egoera honek argi utzi digu oztopoak gainditu ditzakegula, eta aldarte onarekin bada hobeto! Hala, sare sozialak eta internet sare osoa proposamen bixi eta originalekin bete zaigu, hori da hori imajinazioa!

Praktikatuk ere deialdiarekin bat egiten du, eta argi dugu BIRUSAK EZ GAITUELA geldituko. Horregatik, bideoak partekatuko ditugu birusak #EzGaituMututuko traola erabilita.

Zuk ere animatu nahi gaituzu?



2020/03/06

"Bost etorri direla? Bada, bost etorri dira eta mundial pasa dugu!"



Oraingo honetan Urola aldera salto egin eta Oihana Epelde dinamizatzailearekin solasean aritu gara. Hamar urteko ibilbidea osatu du dagoeneko Azkoitiko Mintzalagunak; hasieratik ibili dira formatu horretan, taldeetan elkartuta. Euskaraz aritzeko konfiantzazko gune bat eskaintzen saiatzen dira, eta kopuruetan erori gabe, jendearen inplikazioa goraipatzeko modukoa dela adierazi digu Epeldek. 


Uste dut talde egonkorrak dituzuela, gorabehera handirik gabekoak.
Bai, hasieratik 10 talderekin hasi ginen, eta orain ere buelta horretan gabiltza. Egun 40 lagun gaude. Hasieratik elkartuta daudenak jarraitzen dute eta urteroko izen-ematearekin, badakizu, tarteka talde berriren bat sartzen da. Normalean lauko taldetan elkartzen dira. 

Askok mintzapraktika programa hauek euskaltegiarekin edo ikasle tipologiarekin lotzen dute. Zuen kasuan ere horrela al da?
Ez, gehiengoa euskaltegitik kanpokoa da. Azkenean bilatzen dutena da konfiantzazko gune bat sortzea euskaraz lasai hitz egiteko. Hori jakinda gehienbat ahoz-ahokoaren bidez etortzen dira gugana. 

Herrian ikusgarritasuna ere badaukazue aldizkari digitalari esker.
Bai, herriko aldizkaria Maxixatzen da eta bertan gure txokoa daukagu, guk geuk elikatzen dugu txoko hori, komunitatea deitzen da. Eta batzuetan interesgarria iruditzen bazaie azalera eramaten dute.

Ekintza osagarriak antolatzen dituzue?
Orain artean hiru ekintza antolatu ditugu: liburu baten aurkezpena, tertulia eta Amama filma ikustea. Agendarik ez dugu sortzen ezintasunagatik, aurrekontu kontua da. Beraz, datuen arabera osasuntsu gabiltza, baina kanpo ekintzen parte hartzean ez. Ez dakit orokorra den edo ez...
Horretaz gain, badaukagu ikasle bat argazkilaria dena eta Azkoitia-Azpeitiko argazki zaharrei buruz hitzalditxo bat emango digu. Ikaslea bera agertu da prest, eta gu horren aurrean jakina, pozik. 

Etorkizunera begira, zein dira zuen asmoak?
AEK eta mintzalagunen arteko harremanak segitzea nahiko genuke. Nabarmendu nahiko nuke badagoela jendea aktiboa dena eta prest dagoena gauzak egiteko. Parte hartzea agian ez da izugarri handia, baina parte hartzen duten horiek oso gogotsu dabiltza, gauzak proposatzen dituzte. Alde horretatik, kudeaketa horretan laguntzen saiatzen gara, baliabideak ematen. Bost etorri direla? Bada, bost etorri dira eta mundial pasa dugu! AEKtik horri eutsi nahi diogu.
Hala ere, gizartean orokorrean parte hartze hori galduta dagoela esango nuke, guztiok gaude gure bizitzan sartuta, nigandik hasita, eta mila gauza ditugu... Orduan ez da hain erraza horretan asmatzea. 
 
Zalantzatiak izango dituzue inguruan, lotsagatik edo animatzen ez direnak.
Bai, horiei hasteko esango nieke, animatzeko eta gero gerokoak. Parte hartzeko gogoa dutenekin gustura asko egingo dugu lan. 


KURIOSITATEAK
Azkoitia Urola Erdia eskualdeko udalerria da eta 11.633 biztanle ditu. Beti izan du arnasgune izatearen ospea, baina Euskal Herriko txoko askotan gertatu bezala, etorkin saldoa etorri da azken urteotan eta horrek, jakina, erabileran eragin nabarmena izan du. Azken datuen arabera, euskaldunak %79,9 dira; euskararen erabilera, berriz, %68,9.

2020/02/28

Amama filamren inguruan hizketan, Azkoitian

Azkoitiko mintzalagunek ondo asko erakusten dute gauza gutxi behar dela arratsalde ederra igarotzeko. Kasu honetan, Amama filma ikusi ondoren solasaldian aritu ziren, filmak utzitako iritzi, sentipen eta gainerakoei leku eginez.  Mokadutxoa jateko ere aprobetxatu zuten, euskaldun on gisara!


Ziur berriz ere errepikatuko dutela. Bejondeizuela!

Hemen duzue Oihana Epelde Azkoitiko mintzalagunaren dinamizatzaileak herriko aldizkarian argitaratutako kronika.

2020/02/20

"Amama" filmaren inguruan solasaldia, Azkoitian

Azkoitian euskal zineaz gozatzeko parada izango da. Gaur iluntzean "Amama" filma eskainiko dute eta ondoren solasaldi laburra filmak utzitako ahoz zaporeaz eta bestez hitz egiteko, modakutxo bat jan bitartean.

Bigarren urtez antolatzen dute gisa honetako egitasmoa. Aukera ederra euskal filmak sustatzeko, badugu eta zer ikusia!

Hementxe kronika osoagoa.


2020/02/14

Euskara praktikatzeak abantailak ditu

Ez gara nekatzen esateaz: euskaraz praktikatzeak abantailak ditu. Baita ekonomikoak ere. Praktikatu zerbitzuak beste urrats bat gehiago eman du erabilera indartze aldera, eta horren adierazlea da praktikatu txartela, erabiltzaileari hainbat ekimenetarako deskontuak ahalbidetuko dizkiona. Zehatzago, Durangaldeako berbalagunek % 50eko deskontua izango dute Elorrioko Arriola antzokian eta Durangoko San Agustin kultur gunean antolatzen diren euskarazko emanaldietan. Gainera, berbalagunek ez ezik, euskaltegietako ikasleek ere izango dute aukera deskontu horretaz gozatzeko. Oraingoz, Bizkaian soilik dago martxan;ikusi beharko dugu aurrera begira.


Euskara ikasteko bidean, doakotasunaren alde

 

Komunikabide ugaritan atera da berria: B2 maila gainditzen duten ikasleei dirua itzuliko diete, bestela esanda, doan aterako zaie ikasturtea. Dudarik gabe, albiste ona da ahalegin horretan diharduten milaka ikaslerentzako, eta beste pizgarri bat izan daiteke etorkizuneko ikasleentzako. Esan gabe doa onura guztiak ongietorriak izango direla.

Albistea xeheago, HEMEN

2020/02/07

Egunean behin, mintzapraktikan ere bai!

Ez baduzu jolas horretan parte hartzen, akabo, ez zara existitzen! Soberan dakigu moda-modan dagoela jolasa, eta azken boladan izugarrizko talde pila sortu dira euskaraz ere jolasean aritzeko aitzakian. Bada, Durangaldeko berbalagunak ere ekimenera batu dira. Ziur gara perretxikoak bezala hedatuko direla Euskal Herri osoan. Gipuzkoan ere salto egin beharko, ezta? Animatzen?


2020/02/05

Barreterapia, Astigarragan

Barre egitearen onurak aspalditik dakizkigu, baina gutxitan jarri gara bereziki horretan. Azken urteotan asko zabaldu dira "Barreterapia" tailerrak eta ondorioz, gero eta leku gehiagotan dago horretarako aukera. Kasu honetan, Hernanialdeko Zilegi Eskolak antolatuta, Astigarragan bi saio eskainiko dituzte Maialen Viañaren gidaritzapean; otsailaren 25 eta 26an izango dira.






Saioak doakoak dira; izena eman nahi duenak edo informazio osagarria nahi izatera,  helbide HONETAN daukazue.

Segi bizkor!

2020/01/31

Otsailean ere, bada zer egin!

Neguaren gordinean egonagatik ere, ezin geratuko gara, bada, etxean! Honatx Kirola eta Naturaren hurrengo txangoa: Altubeko baso eta ur-jauziak, otsailaren 16an.  



Gogoratu dezagun argazki lehiaketa ere martxan dela, beraz, anima zaitezte zuen paisaia argazkiak bidaltzera.

Izena emateko aukera LOTURA HONETAN duzue.

2020/01/24

Bidelagunak erakartzeko kanpaina, Andoainen

Andoaingo mintzalagunen osasuna nahiko ona den arren, gainerako herrietan gertatzen dena nabari da hemen ere: bidelagunak behar dira. Horren jakitun, Praktikatu zerbitzuak ateratako karteldegia aprobetxatuta, AIURRI eskualdeko aldizkarian kanpaina egin dugu. Helburua, esan bezala, herriko euskaldunak erakartzea eta ekimenaren berri izatea da.

Bestalde, Bestalde, 2019ko urrian promozio bideo bat ere egin zuten ikusgarritasuna lortze aldera.


2020/01/17

"Bidelagunak aliatu oso garrantzitsuak dira, zaindu beharreko altxorra"


 

Gipuzkoako Mintzalagunen esperientziak biltzen jarraitu nahi genuke. Oraingo honetan, Urnietara egin dugu jauzi, eta Ihintza Tellabide Amunarriz dinamizatzaile eta euskara irakaslearekin aritu gara solasean. Aurrekoari erreleboa hartuta, bi urte daramatza dinamizatzaile lanetan, eta perspektiba luzeegia ez duela aitortu arren, gogotsu dabil lanean. Egitasmo xumea da eurena, baina ibilbide oparoa duena eta ez horregatik garrantzia gutxiagokoa. Euskaltzaleok aspaldian ikasi baikenuen txiki askok eragin handia dugula.


 
Ihintza, Urnietan aspalditxotik hasiak zarete mintzapraktika egitasmoetan.

Hamabi urte baino gehiago izango dira. Hasieran HIZKIDE izena zuen programak, binaka elkartzen ziren euskaldun zahar eta berria, edo praktikatu nahi zuena. Azken urteetan - bost izango dira gutxienez - Mintzalagun izena hartuta taldeka elkartzen dira, aukera gehiago eskaintzen dituelako. Beraz, lehenagotik bazetorren eta esango nuke urnietarrek ezagutzen dutela.

 
Badirudi herrian harrera ona izan duela, edo behintzat, funtzionatzen duela.

Gehienek behintzat errepikatzen dute. Hiru talde daude; horietatik bi azken lau urteetan badabiltza, eta hirugarrena berria izan da, bidelagun berri batekin eta beste batzuekin. Oraintxe 13 lagun dabiltza, eta berrantolatu egiten dira, iaz asteartetan zebilena aurten asteazkenetan eta horrela. Partaide aldetik nahiko egonkor ibiltzen gara. Zoritxarrez, bi geratu zaizkigu zintzilik ordutegi kontuengatik.

 
Askotan zaila izaten da agenda entretenigarria osatzea, jendeari talde izaera transmititzea. Nola egiten duzue hori?

Horretan ez daukagu baliabide handirik. Borrokan gabiltza ekintza osagarri gehiago sartzeko, baina aurrekontu kontuengatik ahal duguna egiten dugu. Urtero hori bai, bi mintzomerienda egiten ditugu eta iaz antzerki amateur talde batek -Egapexou- obra bat eskaini zuen eta aurten bi emanaldi eskainiko dituzte. Hori bai, euskaltegia eta antzerki taldearen elkarlana badago. Horrez gain, Udalak antolatzen dituen ikuskizunetan eta herriko kultur programan mintzalagunek sarrerak doan izaten dituzte.

Aurten nobedade modura, bidelagun baten ekimenez gela bat lortu dugu mintzalagunek erabiltzeko moduan. Euskaltegiko gela bat da eta erabilgarri daukate nahi dutena egiteko.

 
Helburu nagusitzat, baduzue erronka berezirik?

Egiten ditudan aurkezpenetan azaltzen dut hizkuntzaren ikaskuntza formala egiten dela euskaltegietako ikasgeletan, baina erabilera informala bermatu beharra dagoela. Batzuek naturalki eduki dezaketen arren euskaraz informalki hitz egiteko aukera, beste batzuk ez dute hainbeste, eta horientzat aproposa da erabilera hori indartzeko. 

 
Batzuetan beldurra edo lotsa puntu bat ere ematen digu gauza berrietan hasteak. Zalantzan dagoenari zer esango zenioke?

Esan dizudana, azken finean erabiltzen ez dena erdoildu egiten da, ahaztu. Hiztun osoak izatera iritsi nahi badugu erabilera informal hori egitea lortu beharko dugu. Hor dago Mintzalagunaren interesa. 

Taldea osatzeko bidelaguna eta bidelaria, biak dira beharrezko. Beti berriez ari gara, baina bidelagunik gabe ez goaz inora...

Nire ustez, oso aliatu garrantzitsuak dira, zaindu beharreko altxorra. Gure kasuan, horietako bat nahiko aktiboa da herrian, oso dinamizatzaile ona da eta gaiak proposatzen dizkie. Eta guk,betiko euskaldunok horretarako aukerak eman behar ditugu. Euskaldun zaharrak euskaldun aktibo izango badira herri osoak funtzionatuko luke mintzalagunaren antzera. Aho bizi izan behar dugu urte osoan. Eta hori da erabilera indartu nahi duenari egingo diogun faborerik handiena: euskaraz hitz egitea. 


Irudian Urnietako mintzalagunak Korrika 21ean.


KURIOSITATEAK

Azken erroldaren arabera, Urnietak 6.238 biztanle ditu. Azken urteetan zehar biztanleria 1.000 herritar baino gehiagotan ugaritu da, eta horietako gehienak eskualdeko herrietatik etorritakoak dira. UEMAko partaidea ere bada.
Azken kale neurketaren arabera, urnietarren %23k hitz egiten du euskaraz. Norberak atera ditzala ondorioak.


2020/01/15

Azkoitiako AEKn literaturaz gozatzen


Hizkuntza baten irakaskuntzarako zein hizkuntzaren gozagarrirako altxor preziatua da irakurtzea. Euskalgintzan gabiltzanok beti sustatu izan dugu irakurketa, eta ezagunak dira AEKren barruan literatura solasaldiak. Azkoitian  horren lekuko izan ziren atzo, eta Katu liburuaren aitzakian tertulia izan zuten, egilea bertan zela aprobetxatuta. 



Hementxe duzue kronika osoa. 

BESTELAKOAK 

Aurreratu genizuenez, Delikako orientazio saioa izango da Natura eta Kirola egitasmoaren lehen irteera; hilaren 26an izango da.  



Informazio gehiago eta izen-ematea helbide honetan.

Segi ondo!
 




2020/01/10

Antzerki emanaldiak zein literatura saioa Urnietan eta Azkoitian


Euskal produktuez eta ikus-entzunezkoez gozatzeko aukerarik ez dugu falta Euskal Herrian. Urnietan ere horren aldeko izanik, antzerki emanaldia antolatu dute hilaren 14rako, mintzalagunak eta nahi duen oro joan dadin. Burunieta izena du obrak eta arratseko 18:00etan izango da. 



Bestalde, talde berberak ere beste ikuskizun bat eskainiko du urtarrilaren 18an, arratsaldeko 18:00etan Saroben.  Beraz, bistan da, antzerkigintza gustatzen zaionak badu non aukeratua eta gozatua.














Azkoitian ere kulturari keinu txikia eginda, literatura tertulia izango dute urtarrilaren 14ean, arratseko 18:30ean, Oteiza aretoan. Gogora dezagun urrian hain justu Katu liburuaren aurkezpen saioa izan zutela, eta behin liburua irakurrita zikloa ixteko solasaldia egingo dutela. Ekitaldian Iñigo Aranbarri idazlea bera ere izango da.



Ikusten dugunez, edozein aukera ona baita euskaraz praktikatu eta bizitzeko!

2020/01/07

2020ko txango eskaintza

Neguko oporren bueltan gorputza mugitzeko beharra ere izaten dugunez, Praktikatu lan taldeak prestatutako txango eskaintzaren berri eman nahi dizuegu. Helburua bikoitza da: Euskal Herriko txokorik ederrenez gozatzea euskaraz ari garen bitartean.




Duela bi urte abiatu zen egitasmo hau, eta oro har harrera ona izan duela esan daiteke. Interesa duen orok parte har dezake, eta gainera, doan da.  Beraz, aitzakia ezin hobea da natura ezagutzeko eta tarte on bat igarotzeko.


Ikusten denez, lehen irteera hil honen 26an izango da.

Esandakoa, kirola eta naturaren bidez, euskaraz bizi!