Oraingo
honetan Urola aldera salto egin eta Oihana Epelde
dinamizatzailearekin solasean aritu gara. Hamar urteko ibilbidea
osatu du dagoeneko Azkoitiko Mintzalagunak; hasieratik ibili dira
formatu horretan, taldeetan elkartuta. Euskaraz aritzeko
konfiantzazko gune bat eskaintzen saiatzen dira, eta kopuruetan erori
gabe, jendearen inplikazioa goraipatzeko modukoa dela adierazi digu
Epeldek.
Uste dut talde egonkorrak dituzuela, gorabehera handirik gabekoak.
Bai, hasieratik 10 talderekin hasi ginen, eta orain ere buelta
horretan gabiltza. Egun 40 lagun gaude. Hasieratik elkartuta daudenak
jarraitzen dute eta urteroko izen-ematearekin, badakizu, tarteka
talde berriren bat sartzen da. Normalean lauko taldetan elkartzen
dira.
Askok mintzapraktika programa hauek euskaltegiarekin edo ikasle
tipologiarekin lotzen dute. Zuen kasuan ere horrela al da?
Ez, gehiengoa euskaltegitik kanpokoa da. Azkenean bilatzen dutena da
konfiantzazko gune bat sortzea euskaraz lasai hitz egiteko. Hori
jakinda gehienbat ahoz-ahokoaren bidez etortzen dira gugana.
Herrian
ikusgarritasuna ere badaukazue aldizkari digitalari esker.
Bai, herriko aldizkaria Maxixatzen da eta bertan gure txokoa
daukagu, guk geuk elikatzen dugu txoko hori, komunitatea deitzen da.
Eta batzuetan interesgarria iruditzen bazaie azalera eramaten dute.
Ekintza osagarriak antolatzen dituzue?
Orain
artean hiru ekintza antolatu ditugu: liburu baten aurkezpena,
tertulia eta Amama
filma ikustea. Agendarik ez dugu sortzen ezintasunagatik, aurrekontu
kontua da.
Beraz, datuen arabera osasuntsu gabiltza, baina kanpo ekintzen parte
hartzean ez. Ez dakit orokorra den edo ez...
Horretaz gain, badaukagu ikasle bat argazkilaria dena eta
Azkoitia-Azpeitiko argazki zaharrei buruz hitzalditxo bat emango
digu. Ikaslea bera agertu da prest, eta gu horren aurrean jakina,
pozik.
Etorkizunera
begira, zein dira zuen asmoak?
AEK
eta mintzalagunen arteko harremanak segitzea nahiko genuke.
Nabarmendu nahiko nuke
badagoela jendea aktiboa dena eta prest dagoena gauzak egiteko. Parte
hartzea agian ez da izugarri handia, baina parte hartzen duten horiek
oso gogotsu dabiltza, gauzak proposatzen dituzte. Alde horretatik,
kudeaketa horretan laguntzen saiatzen gara, baliabideak ematen. Bost
etorri direla? Bada, bost etorri dira eta mundial pasa dugu! AEKtik
horri eutsi nahi diogu.
Hala
ere, gizartean orokorrean
parte hartze hori galduta dagoela esango nuke, guztiok gaude gure
bizitzan sartuta, nigandik hasita, eta mila gauza ditugu... Orduan
ez da hain erraza horretan asmatzea.
Zalantzatiak izango dituzue inguruan, lotsagatik edo animatzen ez
direnak.
Bai, horiei hasteko esango nieke, animatzeko eta gero gerokoak.
Parte hartzeko gogoa dutenekin gustura asko egingo dugu lan.
KURIOSITATEAK
Azkoitia Urola Erdia eskualdeko udalerria da eta 11.633 biztanle
ditu. Beti izan du arnasgune izatearen ospea, baina Euskal Herriko
txoko askotan gertatu bezala, etorkin saldoa etorri da azken urteotan
eta horrek, jakina, erabileran eragin nabarmena izan du. Azken datuen
arabera, euskaldunak %79,9 dira; euskararen erabilera, berriz, %68,9.
No comments:
Post a Comment