2019/10/25

MINTZALAGUNA EGITASMOA BIZIBERRITUTA DATOR!


Andoaingo Mintzalagunen ikasturteari hasiera eman zioten herenegun, urriaren 23an, hasiera ekitaldi xume baten bitartez. Egitasmoan parte hartzen dutenak zein gainerako herritarrak ere hurbildu ziren, eta hala, Pituxa clownaren bakarrizketaz gozatzeko aukera izan zuten. Horren aurretik, eta nobedade gisa, spot berria aurkeztu zuten, helburu duena egitasmoari haize freskoa eta umoretsua ematea. Hemenxe duzue:




Dagoeneko herrian ezaguna egin den proiektua da honakoa. Izan ere, 50 lagunen kopurua gainditu dute, tartean talde egonkorrak eta aldizka aldatzen doazenak daude. Osasuntsu eta bizi-bizirik dago, beraz, Andoango mintzalagunen sarea.



2019/10/22

Andoaingo Mintzalaguna taldeak bidelaguna behar du

Dagoeneko hasi dira martxan Andoaingo Mintzalaguneko kideak. Iraila eta urrian kanpaina egin ondoren, taldeak osatu eta asteroko hitzordua egiteko unea iritsi da. Orain artean harrera ona izan du egitasmoak herrian, oro har, talde fidelak eta egonkorrak osatu baitira azken urteotan. Aurten ere partaide berriak hurbildu dira, baina batez ere bidelariak dira, hau da euskaraz praktikatu eta hitz egin nahi dutenak. Ondorioz, egitasmoak bidelagunen beharra du , alegia, euskaraz egin nahi duenari lagunduko diotenak, euskaldun zaharrak edo euskaraz txukun moldatzen direnak. Batik bat, goizetan libre dragoen bidelagunen bat behar da; talde gehienak arratsaldez elkartzen dira, baina badago goizetan geratu nahi duenik ere, eta hutsune bata dago hor. Dena den, edozein herritarrek parte hartu nahiko balu ongietorria izango da.

Era berean, parte hartzaileen borondatea eskertu nahi dugu, ezinbestekoa baita hauek egiten duten ekarpena eta ahalegina balioestea. Agerian geratu da beste behin ere hizkuntza ohiturak aldatu nahi dituen herritar ugari dagoela Andoainen. 


Gauzak horrela, bihar, urriaren 23an hasiera ekitaldia egingo da pleno aretoan, arratsaldeko 19:00etan. Pituxa clownak bakarrizketa laburra eskainiko du: "Pituxa euskararen arrastoan". Ekitaldi xumea baina polita izango da. Gonbidatuta zaudete!

2019/10/18

'Katu' liburuari buruz hitz egin du Iñigo Dierezek Mintzalagunen aurkezpen ekitaldian

Atzo Azkoitian jendetza bildu zen Katu liburuaren aurkezpenaren aitzakian. Mintzalagunaren ikasturteari hasiera emateko baliatu zuten abagunea, eta arrakasta izan zuen ekimenak. 

Kronika osoa hemen duzue irakurgai




Momentuz hamaika  talde mantenduko dira Azkoitiko Mintzalaguna egitasmoan, iazko kopuru bera. Beste hiru kide berrik ere izena eman dute, eta beraz, beste talde bat gehiago izatea aurreikusten dute.

2019/10/15

Ikasturteko lehen ekintzak


Datozen asteotan mintzapraktika egitasmoei hasiera emateko ekitaldiak antolatuko dira Gipuzkoako Mintzalagunon sarean.
Azkoitian abagunea aprobetxatuko dute kulturari keinu txiki bat egiteko, eta hortaz, Iñigo Dierezen Katu liburuaren aurkezpena egingo dute. Asmoa bertaratzen direnak liburua irakurtzea eta hori lantzea da, eta aurrerago literatura tertulia egitea aurreikusi dute.




 Ziur interesgarria izango dela. Gonbidatuta zaudete!

2019/09/16

BAGATOZ... ETA INDARTSU, GAINERA!



Euskal Herrian badugu mundu bat guztiok partekatzen duguna, euskararena. Euskal hiztun izan ala ez, euskara usaintzen dugu, entzuten, ikusten, arnasten... Eta gero eta euskaldun gehiagok egiten dugu euskaraz bizitzeko aukera.

Ikasturte berriarekin batera mila eta bat aukera ditugu esploratzeko zain, eta euskararen mundu magikoa ere horietako bat izatea nahi dugu. Dagoeneko ezagunak dira Mintzalagun egitasmoak: euskaraz hitz egiteko espazioak dira, astean behin elkartu eta ordubetez euskaraz aritzeko saioak, nahierara moldatu daitezkeenak, aisialdiari eta eguneroko martxari egokitutakoak, erabat doakoak.

Hortaz, zalantzan dabilenak ez dezala bitan pentsatu: Mintzalaguna hizketaldi bat baino gehiago da, euskal munduaren alde egiteko ariketa da. Euskaraz dakienak leiho bat irekitzen baitio euskara ikasi/praktikatu nahi duenari, mundu bat zabaltzen dio... eta alderantziz ere bai. 
Harreman berriak egiteko bidea ere bada, teoriatik eta erabilera akademikotik libre, praktikara bideratua. Hitz gutxitan: erabileran eragiteko modu zuzena eta praktikoa.



Zabalik dago, beraz,  izena emateko epea mintzapraktika programetan. Aurten ere, AEKren Praktikatu zerbitzutik hainbat aukera eskaini nahi dizkizugu: astean behin mintzataldean elkartu eta lasai hitz egin; gurasolagun egitasmoan tailerrak eta asteburu pasak egin familian; Kirola eta Natura programaren bidez Euskal Herriko naturguneak ezagutu; mintzodromoetan parte hartu; eta gure bestelako eskaintzez gozatu: tailerra, hitzaldi, kantulagun, irakurzale klubak... Denetan sentituko zara primeran, nork bere helburua beteta: euskara praktikatzea eta lagun berriekin euskaraz egitea.


Horregatik herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu euskaraz bizitzera, norbere lotsak alde batera utzi eta egitasmo hauetan parte hartzera. Aski duzu zeure inguruko euskaltegi, euskara-elkarte edo euskara-zerbitzuetara jotzea,

Elkarrekin lortugu dugu! Zatoz mintzalagunon mundura!