2020/03/27

Bideoak eta gehiago berrogeialdiari arurre egiteko

Aurreratu genizuen Praktikatu zerbitzutik itxialdiari aurre egiteko lehiaketak antolatzen hasi garela. Bizkaia aldean oso harrera txukuna izaten ari da, baina Gipuzkoa aldean ere hasi gara mugitzen. Horren erakusle da Andoaingo Aitorrek bidalitako bideoa. Zer egin etxean gauden honetan? Bada, aukera on bat da sukalderako aprobetxatzea. Kontatu digunez, ananazko madalenak egin ditu Behean duzue bidalitako bideoa:


Bejondeizula, Aitor! 

Bestalde, Urola Kostako Eukene dinamizatzaileak kontatu digu kronika lehiaketa jarri dutela martxan.  Bideoz, argazkiz, marrazkiz edo bururatzen zaien eran egiten ari diren hori kontatzeko aukera izango dute, eta noski, saria ere egongo da. Ea animatzen zareten!

Iristen zaizkigun argazki zein bideoak argitaratzen joango gara. Izan ere,
garrantzitsuena etxean egotea da orain, baina eman diezaiogun kolore pixka bat gure egunerokoari. BIRUSAK EZ GAITU MUTUTUKO, EZTA GELDITUKO ERE!

2020/03/25

BIDEO LEHIAKETA MARTXAN!

Praktikatutik abiatutako egitasmoa harrera ezin hobea izaten ari da, eta berbalagunak eta mintzalagunak topera gabiltza, bideoak jaso eta jaso ari baikara! Andoainen ere berrogeialdia arintzeko bideo lehiaketa abiatu dugu, ea bada animatzen zareten eta jasotzen ditugun!
Beraz, badakizue, egiten duzuena egiten duzuela, bidali zuen bideoa eta sari eder bat zozkatuko dugu!


Urola Kostako Eukenek bideo bat bidali digu. Bertso sorta ederra osatu du hango mintzakide batek... Bejondeizula!  
Biba zuek! #BirusakEzGaituMututuko


2020/03/23

BIRUSAK EZ GAITU MUTUTUKO!

Dagoeneko astebete igaro da itxialdia hasi genuenetik. Bistan da errotik aldatu digula guztioi ere lan egiteko modua, eta hasierako egunen nahasmenduaren ondoren, ari gara buelta ematen. 

Egoera honek argi utzi digu oztopoak gainditu ditzakegula, eta aldarte onarekin bada hobeto! Hala, sare sozialak eta internet sare osoa proposamen bixi eta originalekin bete zaigu, hori da hori imajinazioa!

Praktikatuk ere deialdiarekin bat egiten du, eta argi dugu BIRUSAK EZ GAITUELA geldituko. Horregatik, bideoak partekatuko ditugu birusak #EzGaituMututuko traola erabilita.

Zuk ere animatu nahi gaituzu?



2020/03/06

"Bost etorri direla? Bada, bost etorri dira eta mundial pasa dugu!"



Oraingo honetan Urola aldera salto egin eta Oihana Epelde dinamizatzailearekin solasean aritu gara. Hamar urteko ibilbidea osatu du dagoeneko Azkoitiko Mintzalagunak; hasieratik ibili dira formatu horretan, taldeetan elkartuta. Euskaraz aritzeko konfiantzazko gune bat eskaintzen saiatzen dira, eta kopuruetan erori gabe, jendearen inplikazioa goraipatzeko modukoa dela adierazi digu Epeldek. 


Uste dut talde egonkorrak dituzuela, gorabehera handirik gabekoak.
Bai, hasieratik 10 talderekin hasi ginen, eta orain ere buelta horretan gabiltza. Egun 40 lagun gaude. Hasieratik elkartuta daudenak jarraitzen dute eta urteroko izen-ematearekin, badakizu, tarteka talde berriren bat sartzen da. Normalean lauko taldetan elkartzen dira. 

Askok mintzapraktika programa hauek euskaltegiarekin edo ikasle tipologiarekin lotzen dute. Zuen kasuan ere horrela al da?
Ez, gehiengoa euskaltegitik kanpokoa da. Azkenean bilatzen dutena da konfiantzazko gune bat sortzea euskaraz lasai hitz egiteko. Hori jakinda gehienbat ahoz-ahokoaren bidez etortzen dira gugana. 

Herrian ikusgarritasuna ere badaukazue aldizkari digitalari esker.
Bai, herriko aldizkaria Maxixatzen da eta bertan gure txokoa daukagu, guk geuk elikatzen dugu txoko hori, komunitatea deitzen da. Eta batzuetan interesgarria iruditzen bazaie azalera eramaten dute.

Ekintza osagarriak antolatzen dituzue?
Orain artean hiru ekintza antolatu ditugu: liburu baten aurkezpena, tertulia eta Amama filma ikustea. Agendarik ez dugu sortzen ezintasunagatik, aurrekontu kontua da. Beraz, datuen arabera osasuntsu gabiltza, baina kanpo ekintzen parte hartzean ez. Ez dakit orokorra den edo ez...
Horretaz gain, badaukagu ikasle bat argazkilaria dena eta Azkoitia-Azpeitiko argazki zaharrei buruz hitzalditxo bat emango digu. Ikaslea bera agertu da prest, eta gu horren aurrean jakina, pozik. 

Etorkizunera begira, zein dira zuen asmoak?
AEK eta mintzalagunen arteko harremanak segitzea nahiko genuke. Nabarmendu nahiko nuke badagoela jendea aktiboa dena eta prest dagoena gauzak egiteko. Parte hartzea agian ez da izugarri handia, baina parte hartzen duten horiek oso gogotsu dabiltza, gauzak proposatzen dituzte. Alde horretatik, kudeaketa horretan laguntzen saiatzen gara, baliabideak ematen. Bost etorri direla? Bada, bost etorri dira eta mundial pasa dugu! AEKtik horri eutsi nahi diogu.
Hala ere, gizartean orokorrean parte hartze hori galduta dagoela esango nuke, guztiok gaude gure bizitzan sartuta, nigandik hasita, eta mila gauza ditugu... Orduan ez da hain erraza horretan asmatzea. 
 
Zalantzatiak izango dituzue inguruan, lotsagatik edo animatzen ez direnak.
Bai, horiei hasteko esango nieke, animatzeko eta gero gerokoak. Parte hartzeko gogoa dutenekin gustura asko egingo dugu lan. 


KURIOSITATEAK
Azkoitia Urola Erdia eskualdeko udalerria da eta 11.633 biztanle ditu. Beti izan du arnasgune izatearen ospea, baina Euskal Herriko txoko askotan gertatu bezala, etorkin saldoa etorri da azken urteotan eta horrek, jakina, erabileran eragin nabarmena izan du. Azken datuen arabera, euskaldunak %79,9 dira; euskararen erabilera, berriz, %68,9.

2020/02/28

Amama filamren inguruan hizketan, Azkoitian

Azkoitiko mintzalagunek ondo asko erakusten dute gauza gutxi behar dela arratsalde ederra igarotzeko. Kasu honetan, Amama filma ikusi ondoren solasaldian aritu ziren, filmak utzitako iritzi, sentipen eta gainerakoei leku eginez.  Mokadutxoa jateko ere aprobetxatu zuten, euskaldun on gisara!


Ziur berriz ere errepikatuko dutela. Bejondeizuela!

Hemen duzue Oihana Epelde Azkoitiko mintzalagunaren dinamizatzaileak herriko aldizkarian argitaratutako kronika.