2016/02/22

Mintzalagun taldeen bilkura Zarautzen

Mintzalagun den Inaxio "Isasti"ren bertso ederrak abestuz, jakingo duzu zer gertatu zen:
Doinua: mutil mainontzi

-1-
Aurreko ostiralean
bai,Pagoeta kalean
Itsasmendi Auzo Elkarteak
duen lokalean
Eukenen ardurapean
ta mahai inguru batean
Mintzalagunak elkartu ginan
ilunabarrean (bis)

-2-
Hamar bat ginan guztira
Gehiago izan ohi dira!!
Talde txikia eta bitxia
Egokia,tira!!
Baina jarriaz begira
bakoitzan jaioterrira
Aniztasuna nabaria zen
emaitzan harira (bis)


-3-
Aramaio,Paris,Aia
Nafarroa ta Bizkaia
Zarautza eta Asteasukin
osatuaz mahaia
Giro jatorra, alaia
asetuaz gure nahia
Eseri eta jan edateko
heldu zen garaia (bis)

 
-4-
Mahaia betea janari
ta beharrezko edari
Zalantzik gabe,laguntzen dio
gure mingainari!!
Aurrena kontu kontari
eta ondoren kantari
Errepaso bat eman genion
kanta paperari (bis)

 
-5-
Hurbil zenez amaiera
joan baino lehen kalera
taldekideen ahotan noski
hauxe zen galdera
Noiz da hurrengo aukera?
Emaitzaren arabera
jende gehiago etorriko da
hemendik aurrera (bis)





2016/02/10

Ikastaro bikaina Astigarragan!

Joan den ostiralean, hilak 5, "inauterietako makillajea" ikastaroa egin genuen Astigarragako gurasolagunekin. Zilegi Eskolak eta Gurasolagun egitasmoak elkarrekin antolaturiko ekintza izan zen, Xaguxar Aisialdi taldearen
laguntzaz.

Arratsaldeko 16:45ean hasi ginen merendola batekin eta 18:15ean bukatu genuen. Bertaratutakoak oso gustora ibili ziren, eta haurrak aurpegia margotuta joan ziren etxera. 16 heldu inguru izan ginen bertan eta beste hainbeste haur. Elkarrekin momentu atsegin bat igarotzeko aitzakia bikaina izan zen.







2016/02/01

Inauterietako makillajea izeneko ikastaroa Astigarragan






 Datorren ostiralean, hilak 5, Astigarragako AEK-k, arratsaldeko 16:45ean, Gurasolagun eta Mintzalagun egitasmoetan dabiltzanei zuzendutako ikastaroa antolatu du. 

Inauteriak gertu direnez, Gurasolagunak, haurrekin noski, eta Mintzalagunak elkartzeko aukera izanik, “Inauterietako makillajea” ikastaroa egiteko gonbidapena luzatzen dizuegu. Egitasmo horietan parte hartzen ez duenak gerturatu nahi izango balu, izena emateko aukera izango luke. Hartara, bide batez, egitasmo hauek zer diren eta nola funtzionatzen duten bertatik bertara ikusteko aukera izango dute. 

Ikastaroa Astigarragako AEKren lokal berrian egingo da (Ibai-Lur jatetxearen ondoan).



Animatu eta parte hartu!