2018/01/29

Eguraldi txarrari aurre eginez mingainak dantzan





Ezin aipatu gabe utzi mintzalagunon borondatea... duela zenbait egun  Zarauzko mintzalagun batzuek euri zaparradari, txingorrari eta hotzari aurre egin eta antolatutako mintzodromoan parte hartu zuten. Denok gustura ibili ginen! Mila-mila esker parte hartu duzuen guztioi. Hurrengora arte!

2018/01/24

Usurbilen kantu-jira larunbat honetan


Asteburuan ere ez dago aitzakiarik euskara praktikatzeko, baita euskal abestiez gozatzeko ere! Izan ere, Usurbilgo Mintzapraktika egitasmoko partaideak herriko kantu taldearekin kantu-jiran aterako dira, larunbat honetan, urtarrilaren 27an eguerdiko 12:00etan herrian zehar.  Inguruan bazabiltza, anima zaitez!

 

2018/01/22

21 talde Urola Kostan



Gero eta gehiago gara! Irailetik hona 21 talde hasi dira mintzalagun egitasmoan: 14 Zarautzen, 5 Orion eta 2 Zumaian, guztira 82 lagun. Egitasmoan interesa baduzu, izena eman dezakezu e-postaz: urolakosta@aek.eus, edo telefonoz: 625 485 215. Animatu eta parte hartu!

2018/01/19

Andoainen ipuin kontalaria izan genuen



Maialen Zubeldia ipuin kontalariak harri eta zur utzi gintuen bere istorio ederrekin! Hiru eta zortzi urte bitarteko umeek gozatu ederra hartu zuten atzo Bastero Kulturgunean, eta baita haurrak ez garenok ere. Izan ere, ipuinak politak dira berez, eta are politagoak gure hizkuntzan!

Bidaide egitasmoaren baitan egindako laugarren ekintza izan zen atzokoa. Hau galdu baduzu, lasai egon, aurrerago ere egingo ditugulako ekintza gehiago, guztiak ere euskara eta entretenimendua uztartuz.  

Informazio gehiago nahi izatera, deitu Andoaingo AEK euskaltegira: 943 59 17 04

2018/01/11

Bidelaguna behar dugu Andoainen


Andoainen, bi bidelari prest ditugu astero euskara praktikatzeko, Mintzalagun egitasmoan. Horretarako, bidelaguna (euskaldun zaharra) behar dugu talde horretan. Astearte edo ostegunetan dute posible, 18:00etatik 19:00etara.

Inor animatuko balitz, deitu Andoaingo AEK euskaltegira (943 59 17 04) edo idatzi andoain@aek.eus helbidera.

Animatu eta eman izena!

2018/01/10

Urteari indartsu ekingo diote Azkoitian



Ipuin kontalaria eta pintxo potea antolatu dituzte mintzalagunentzat, urtarrilaren 18an. Lehenengoa, arratsaldeko 18:00etan izango da, Odei Arregiren eskutik, Elkargunean. Hori amaituta, pintxo potera joango dira mihia astintzera.
Animatu eta parte hartu

Orain ere... Zertan ariko dira Andoaingo mintzalagunak?


Aktore lanetan jarri dituzte Andoaingo mintzalagunak... Eta guztiek ere primeran egin dute!! Urtarrileko kanpainarako prestatzen ari diren bideoa ia-ia amaitzen ari dira. Grabaketak egiten aritu dira taldeetan eta emaitza laster ikusi ahal izango duzue. 

Ez galdu aukera eta zuek ere egin zaitezte Mintzalagun!

2018/01/08

Urmara museora bisita Andoaingo Mintzalagunekin



Andoaingo mintzalagunek prest dute 2018ko agenda berria. Lehen ekintza urtarrilaren 27an izango da. Goiza pasa atsegina izango dute Urmara museora egingo duten irteerari esker. Bertan hamaiketakoa egiteko aukera ere izango dute, bisita gidatua egin ondoren.

Ipuin kontalaria, Andoainen

Urte berriarekin batera, hasi dira berriro Bidaideko ekintzak martxan. Hurrengoa gainean dugu, urtarrilaren 18an izango da, Bastero kulturgunean. Bertan, Maialen Zubeldia ariko da ipuinak kontatzen etxeko txikiei. Ez galdu aukera eta parte hartu!

2018/01/06

Anoetarra zara? Euskaldunberria al zara? Zatoz Mintzalagunera

Anoetan, urrian jarri zen martxan Mintzalaguna egitasmoa. Dagoeneko 14 lagunek hartzen dute parte bertan. Herrian bizi diren euskaldunberriak edota euskaraz aritzeko aukera ez duzuenok animatu nahi zaituztegu izena eman eta gure egitasmoan parte hartzera. Astean ordubetez euskaldu zahar batekin eta zure egoera berean dauden euskaldunberriekin euskaraz aritzeko aukera izango duzue, zuek gustuko duzuen plana eginez.
Horrez gain, urtean zehar, beste hainbat ekintza antolatuko dira.
Animatu eta eman izena!

Eguberrietako oporraldiaren ondoren, Mintzalagun taldeak berriro martxan!

Urritik abian ditugu Mintzalagun egitasmoak Azkoitian, Astigarragan, Urnietan, Usurbilen, Getarian, Orion, Zumaian, Zarautzen, Andoainen, Zestoan eta Anoetan.

Eguberrietako geldialditxoa igaro ondoren, berriro martxan gaude. Parte hartu nahi duzu herriren bateko Mintzalagunean? Jarri gurekin harremanetan!