2020/01/31

Otsailean ere, bada zer egin!

Neguaren gordinean egonagatik ere, ezin geratuko gara, bada, etxean! Honatx Kirola eta Naturaren hurrengo txangoa: Altubeko baso eta ur-jauziak, otsailaren 16an.  



Gogoratu dezagun argazki lehiaketa ere martxan dela, beraz, anima zaitezte zuen paisaia argazkiak bidaltzera.

Izena emateko aukera LOTURA HONETAN duzue.

2020/01/24

Bidelagunak erakartzeko kanpaina, Andoainen

Andoaingo mintzalagunen osasuna nahiko ona den arren, gainerako herrietan gertatzen dena nabari da hemen ere: bidelagunak behar dira. Horren jakitun, Praktikatu zerbitzuak ateratako karteldegia aprobetxatuta, AIURRI eskualdeko aldizkarian kanpaina egin dugu. Helburua, esan bezala, herriko euskaldunak erakartzea eta ekimenaren berri izatea da.

Bestalde, Bestalde, 2019ko urrian promozio bideo bat ere egin zuten ikusgarritasuna lortze aldera.


2020/01/17

"Bidelagunak aliatu oso garrantzitsuak dira, zaindu beharreko altxorra"


 

Gipuzkoako Mintzalagunen esperientziak biltzen jarraitu nahi genuke. Oraingo honetan, Urnietara egin dugu jauzi, eta Ihintza Tellabide Amunarriz dinamizatzaile eta euskara irakaslearekin aritu gara solasean. Aurrekoari erreleboa hartuta, bi urte daramatza dinamizatzaile lanetan, eta perspektiba luzeegia ez duela aitortu arren, gogotsu dabil lanean. Egitasmo xumea da eurena, baina ibilbide oparoa duena eta ez horregatik garrantzia gutxiagokoa. Euskaltzaleok aspaldian ikasi baikenuen txiki askok eragin handia dugula.


 
Ihintza, Urnietan aspalditxotik hasiak zarete mintzapraktika egitasmoetan.

Hamabi urte baino gehiago izango dira. Hasieran HIZKIDE izena zuen programak, binaka elkartzen ziren euskaldun zahar eta berria, edo praktikatu nahi zuena. Azken urteetan - bost izango dira gutxienez - Mintzalagun izena hartuta taldeka elkartzen dira, aukera gehiago eskaintzen dituelako. Beraz, lehenagotik bazetorren eta esango nuke urnietarrek ezagutzen dutela.

 
Badirudi herrian harrera ona izan duela, edo behintzat, funtzionatzen duela.

Gehienek behintzat errepikatzen dute. Hiru talde daude; horietatik bi azken lau urteetan badabiltza, eta hirugarrena berria izan da, bidelagun berri batekin eta beste batzuekin. Oraintxe 13 lagun dabiltza, eta berrantolatu egiten dira, iaz asteartetan zebilena aurten asteazkenetan eta horrela. Partaide aldetik nahiko egonkor ibiltzen gara. Zoritxarrez, bi geratu zaizkigu zintzilik ordutegi kontuengatik.

 
Askotan zaila izaten da agenda entretenigarria osatzea, jendeari talde izaera transmititzea. Nola egiten duzue hori?

Horretan ez daukagu baliabide handirik. Borrokan gabiltza ekintza osagarri gehiago sartzeko, baina aurrekontu kontuengatik ahal duguna egiten dugu. Urtero hori bai, bi mintzomerienda egiten ditugu eta iaz antzerki amateur talde batek -Egapexou- obra bat eskaini zuen eta aurten bi emanaldi eskainiko dituzte. Hori bai, euskaltegia eta antzerki taldearen elkarlana badago. Horrez gain, Udalak antolatzen dituen ikuskizunetan eta herriko kultur programan mintzalagunek sarrerak doan izaten dituzte.

Aurten nobedade modura, bidelagun baten ekimenez gela bat lortu dugu mintzalagunek erabiltzeko moduan. Euskaltegiko gela bat da eta erabilgarri daukate nahi dutena egiteko.

 
Helburu nagusitzat, baduzue erronka berezirik?

Egiten ditudan aurkezpenetan azaltzen dut hizkuntzaren ikaskuntza formala egiten dela euskaltegietako ikasgeletan, baina erabilera informala bermatu beharra dagoela. Batzuek naturalki eduki dezaketen arren euskaraz informalki hitz egiteko aukera, beste batzuk ez dute hainbeste, eta horientzat aproposa da erabilera hori indartzeko. 

 
Batzuetan beldurra edo lotsa puntu bat ere ematen digu gauza berrietan hasteak. Zalantzan dagoenari zer esango zenioke?

Esan dizudana, azken finean erabiltzen ez dena erdoildu egiten da, ahaztu. Hiztun osoak izatera iritsi nahi badugu erabilera informal hori egitea lortu beharko dugu. Hor dago Mintzalagunaren interesa. 

Taldea osatzeko bidelaguna eta bidelaria, biak dira beharrezko. Beti berriez ari gara, baina bidelagunik gabe ez goaz inora...

Nire ustez, oso aliatu garrantzitsuak dira, zaindu beharreko altxorra. Gure kasuan, horietako bat nahiko aktiboa da herrian, oso dinamizatzaile ona da eta gaiak proposatzen dizkie. Eta guk,betiko euskaldunok horretarako aukerak eman behar ditugu. Euskaldun zaharrak euskaldun aktibo izango badira herri osoak funtzionatuko luke mintzalagunaren antzera. Aho bizi izan behar dugu urte osoan. Eta hori da erabilera indartu nahi duenari egingo diogun faborerik handiena: euskaraz hitz egitea. 


Irudian Urnietako mintzalagunak Korrika 21ean.


KURIOSITATEAK

Azken erroldaren arabera, Urnietak 6.238 biztanle ditu. Azken urteetan zehar biztanleria 1.000 herritar baino gehiagotan ugaritu da, eta horietako gehienak eskualdeko herrietatik etorritakoak dira. UEMAko partaidea ere bada.
Azken kale neurketaren arabera, urnietarren %23k hitz egiten du euskaraz. Norberak atera ditzala ondorioak.


2020/01/15

Azkoitiako AEKn literaturaz gozatzen


Hizkuntza baten irakaskuntzarako zein hizkuntzaren gozagarrirako altxor preziatua da irakurtzea. Euskalgintzan gabiltzanok beti sustatu izan dugu irakurketa, eta ezagunak dira AEKren barruan literatura solasaldiak. Azkoitian  horren lekuko izan ziren atzo, eta Katu liburuaren aitzakian tertulia izan zuten, egilea bertan zela aprobetxatuta. 



Hementxe duzue kronika osoa. 

BESTELAKOAK 

Aurreratu genizuenez, Delikako orientazio saioa izango da Natura eta Kirola egitasmoaren lehen irteera; hilaren 26an izango da.  



Informazio gehiago eta izen-ematea helbide honetan.

Segi ondo!
 




2020/01/10

Antzerki emanaldiak zein literatura saioa Urnietan eta Azkoitian


Euskal produktuez eta ikus-entzunezkoez gozatzeko aukerarik ez dugu falta Euskal Herrian. Urnietan ere horren aldeko izanik, antzerki emanaldia antolatu dute hilaren 14rako, mintzalagunak eta nahi duen oro joan dadin. Burunieta izena du obrak eta arratseko 18:00etan izango da. 



Bestalde, talde berberak ere beste ikuskizun bat eskainiko du urtarrilaren 18an, arratsaldeko 18:00etan Saroben.  Beraz, bistan da, antzerkigintza gustatzen zaionak badu non aukeratua eta gozatua.














Azkoitian ere kulturari keinu txikia eginda, literatura tertulia izango dute urtarrilaren 14ean, arratseko 18:30ean, Oteiza aretoan. Gogora dezagun urrian hain justu Katu liburuaren aurkezpen saioa izan zutela, eta behin liburua irakurrita zikloa ixteko solasaldia egingo dutela. Ekitaldian Iñigo Aranbarri idazlea bera ere izango da.



Ikusten dugunez, edozein aukera ona baita euskaraz praktikatu eta bizitzeko!

2020/01/07

2020ko txango eskaintza

Neguko oporren bueltan gorputza mugitzeko beharra ere izaten dugunez, Praktikatu lan taldeak prestatutako txango eskaintzaren berri eman nahi dizuegu. Helburua bikoitza da: Euskal Herriko txokorik ederrenez gozatzea euskaraz ari garen bitartean.




Duela bi urte abiatu zen egitasmo hau, eta oro har harrera ona izan duela esan daiteke. Interesa duen orok parte har dezake, eta gainera, doan da.  Beraz, aitzakia ezin hobea da natura ezagutzeko eta tarte on bat igarotzeko.


Ikusten denez, lehen irteera hil honen 26an izango da.

Esandakoa, kirola eta naturaren bidez, euskaraz bizi!