Gipuzkoako Mintzalagunen esperientziak biltzen jarraitu nahi
genuke. Oraingo honetan, Urnietara egin dugu jauzi, eta Ihintza
Tellabide Amunarriz dinamizatzaile eta euskara irakaslearekin aritu
gara solasean. Aurrekoari erreleboa hartuta, bi urte daramatza
dinamizatzaile lanetan, eta perspektiba luzeegia ez duela aitortu
arren, gogotsu dabil lanean. Egitasmo xumea da eurena, baina ibilbide
oparoa duena eta ez horregatik garrantzia gutxiagokoa. Euskaltzaleok
aspaldian ikasi baikenuen txiki askok eragin handia dugula.
Ihintza, Urnietan aspalditxotik hasiak zarete mintzapraktika
egitasmoetan.
Hamabi urte baino gehiago izango dira. Hasieran HIZKIDE izena zuen
programak, binaka elkartzen ziren euskaldun zahar eta berria, edo
praktikatu nahi zuena. Azken urteetan - bost izango dira gutxienez -
Mintzalagun izena hartuta taldeka elkartzen dira, aukera gehiago
eskaintzen dituelako. Beraz, lehenagotik bazetorren eta esango nuke
urnietarrek ezagutzen dutela.
Badirudi herrian harrera ona izan duela, edo behintzat,
funtzionatzen duela.
Gehienek behintzat errepikatzen dute. Hiru talde daude; horietatik bi
azken lau urteetan badabiltza, eta hirugarrena berria izan da,
bidelagun berri batekin eta beste batzuekin. Oraintxe 13 lagun
dabiltza, eta berrantolatu egiten dira, iaz asteartetan zebilena
aurten asteazkenetan eta horrela. Partaide aldetik nahiko egonkor
ibiltzen gara. Zoritxarrez, bi geratu zaizkigu zintzilik ordutegi
kontuengatik.
Askotan zaila izaten da agenda entretenigarria osatzea, jendeari
talde izaera transmititzea. Nola egiten duzue hori?
Horretan ez daukagu baliabide handirik. Borrokan gabiltza ekintza
osagarri gehiago sartzeko, baina aurrekontu kontuengatik ahal duguna
egiten dugu. Urtero hori bai, bi mintzomerienda egiten ditugu
eta iaz antzerki amateur talde batek -Egapexou- obra bat eskaini zuen
eta aurten bi emanaldi eskainiko dituzte. Hori bai, euskaltegia eta
antzerki taldearen elkarlana badago. Horrez gain, Udalak antolatzen
dituen ikuskizunetan eta herriko kultur programan mintzalagunek
sarrerak doan izaten dituzte.
Aurten nobedade modura, bidelagun baten ekimenez gela bat lortu dugu
mintzalagunek erabiltzeko moduan. Euskaltegiko gela bat da eta
erabilgarri daukate nahi dutena egiteko.
Helburu nagusitzat, baduzue erronka berezirik?
Egiten
ditudan aurkezpenetan azaltzen dut hizkuntzaren ikaskuntza formala
egiten dela euskaltegietako ikasgeletan, baina erabilera
informala bermatu beharra
dagoela. Batzuek naturalki eduki dezaketen arren euskaraz informalki
hitz egiteko aukera, beste batzuk ez dute hainbeste, eta horientzat
aproposa da erabilera hori indartzeko.
Batzuetan beldurra edo lotsa puntu bat ere ematen digu gauza
berrietan hasteak. Zalantzan dagoenari zer esango zenioke?
Esan dizudana, azken finean erabiltzen ez dena erdoildu egiten da,
ahaztu. Hiztun osoak izatera iritsi nahi badugu erabilera informal
hori egitea lortu beharko dugu. Hor dago Mintzalagunaren interesa.
Taldea osatzeko bidelaguna eta bidelaria, biak dira beharrezko.
Beti berriez ari gara, baina bidelagunik gabe ez goaz inora...
Nire ustez, oso aliatu garrantzitsuak dira, zaindu beharreko
altxorra. Gure kasuan, horietako bat nahiko aktiboa da herrian, oso
dinamizatzaile ona da eta gaiak proposatzen dizkie. Eta guk,betiko
euskaldunok horretarako aukerak eman behar ditugu. Euskaldun zaharrak
euskaldun aktibo izango badira herri osoak funtzionatuko luke
mintzalagunaren antzera. Aho bizi izan behar dugu urte osoan. Eta
hori da erabilera indartu nahi duenari egingo diogun faborerik
handiena: euskaraz hitz egitea.
Irudian Urnietako mintzalagunak Korrika 21ean.
KURIOSITATEAK
Azken
erroldaren arabera, Urnietak 6.238 biztanle ditu. Azken
urteetan zehar biztanleria 1.000 herritar baino gehiagotan ugaritu
da, eta horietako gehienak eskualdeko herrietatik etorritakoak dira.
UEMAko partaidea ere bada.
Azken kale
neurketaren arabera, urnietarren %23k hitz egiten du euskaraz. Norberak atera ditzala ondorioak.