Dagoeneko hasi dira martxan Andoaingo Mintzalaguneko kideak. Iraila eta
urrian kanpaina egin ondoren, taldeak osatu eta asteroko hitzordua
egiteko unea iritsi da. Orain artean harrera ona izan du egitasmoak
herrian, oro har, talde fidelak eta egonkorrak osatu baitira azken
urteotan. Aurten ere partaide berriak hurbildu dira, baina batez ere
bidelariak dira, hau da euskaraz praktikatu eta hitz egin nahi dutenak.
Ondorioz, egitasmoak bidelagunen beharra du , alegia, euskaraz egin nahi
duenari lagunduko diotenak, euskaldun zaharrak edo euskaraz txukun
moldatzen direnak. Batik bat, goizetan libre dragoen bidelagunen bat behar da;
talde gehienak arratsaldez elkartzen dira, baina badago goizetan geratu
nahi duenik ere, eta hutsune bata dago hor. Dena den, edozein
herritarrek parte hartu nahiko balu ongietorria izango da.
Era berean, parte hartzaileen borondatea eskertu nahi dugu, ezinbestekoa
baita hauek egiten duten ekarpena eta ahalegina balioestea. Agerian
geratu da beste behin ere hizkuntza ohiturak aldatu nahi dituen herritar
ugari dagoela Andoainen.
Gauzak horrela, bihar, urriaren 23an hasiera ekitaldia egingo da pleno aretoan, arratsaldeko 19:00etan. Pituxa clownak bakarrizketa laburra eskainiko du: "Pituxa euskararen arrastoan". Ekitaldi xumea baina polita izango da. Gonbidatuta zaudete!