2018/12/21

Pintxo lehiaketan ezin hobeto!

Andoaingo ikasle eta mintzalagunek pintxo lehiaketa egin zuten atzo San Tomas bezperan. Talde bakoitzak pintxo bana aurkeztu zuen, eta epaimahaiak izena, zaporea eta orijinaltasunaren arabera puntuatu zituzten.

Lehia estu egon zen,  bi pintxok puntu berak lortu baitzituzten. Giro ederrean ibili ziren atzo, jan edanaren aitzakian, eta giro ezin hobean.

 


Egun hauetan ohikoak dira gisa honetako ospakizunak, dela San Tomas ospatzeko, dela Eguberrien usainean murgiltzeko. Aitzakia edozein delarik ere, beti dago parada euskaraz jarduteko, ahobizi edo belarriprest. Beraz, Gabonetan ere, egin dezagun euskaraz, oparitu dezagun euskara!

EGUBERRI ON!


2018/12/11

Abenduak AEK festa Urola Kostan!

Urola Kostako mintzalagun taldeak AbEnduaK AEK jaia  ospatuko dute larunbatean hilaren 15ean, Zarautzen.  Mintzodromoa egingo dute, eta ez da musikaz eta janaz gozatzeko aukerarik faltako. 



Anima zaitezte!

2018/12/05

Abenduak 3, EUSKARAREN EGUNA!

Euskaldun guztiok ondotxo dakigu abenduaren 3an gure eguna dela, euskararen nazioarteko eguna, alegia. Euskal Herrian ez dira falta izan ospakizun ekitaldiak, hasi goi erakundeetatik eta herri edo auzorik xumeeraino. Bada, gurean ere egunari omen egin genion bai ikasle eta mintzalagunok. Lehenik, mintzodromoa egin genuen, eta parada hori baliatu genuen euskaraldiak utzi digun aho-zapore eta esperientziez mintzatzeko. Eta ondoren jan-edanean jarraitu genuen hitz eta pitz!


 Zorionak, beraz, euskaldun guztioi, eta jarrai dezagun euskaraz aurrerantzean ere!