2016/09/30

Urola Kostako Mintzalagun egitasmoa martxan

Urola Kostako Mintzalagun egitasmoa berriz martxan!!!
Euskara ikasten ari bazara eta euskaraz bizi nahi baduzu, auskaraz bizi bazara, ikasten ari direnei lagundu nahi badiezu, euskara maite baduzu... PRAKTIKATU ETA BIZI!!
ANIMATU ETA IZENA EMAN!!!

Informazio gehiago:
E-postaz: urolakosta@aek.eus
Telefonoz: 625 485 215
Facebook: Mintzalagunak gara

2016/06/22

Astigarragako bidelagunei omenaldia


Ekainaren 17an bidelagunei eskainitako omenaldian irakurritako testu benetan ederra hementxe entzun dezakezue. Irakurtzea nahiago baduzue berriz:


Zaldi gainean

Gogoan dut euskaraz ez nekien garaian “belarrimotza!” esaten zidatela. Ez dakit esaten zuenak belarri luzeak ote zituen, baina astoa galanta bera. Ez ninduen euskara ikastera gehiegi animatu. Baina bertatik bertara, aurrez aurre, muturren parean galtzen nuenaz ohartuta, euskara ikasten hasi nintzen, nola ez, Astiarrako AEKn, euskaltegirik onenean.
Laster hasi nintzen lehen hitzak, lehen esaldiak, lehen hanka-sartzeak egiten, euskaraz asto gainean. Gaur, zaldi gainean noa, gaur mintzalaguna naiz.
Ni naiz mintzalaguna, ni naiz Juani, ni naiz Mavi, Juli, Lourdes, Nieves. Eta The Robinen sartzean, hor da Amaia, elkartu mahaia eta heldu gaia. Euskaraz gozatzeko garaia. Eskerrik asko Amaia.
Eta ni naiz Patxi, ni naiz Virginia, Kateryna, Sandra. Paseotxo bat ematera joaten gara. Ondoan, bidelagun, Urtzi. Berak bai erakutsi! Eta bere euskarak bihotza igurtzi, eta ez gutxi! Eutsi horri! Eskerrik asko Urtzi. Eta ondoan, Mariaje, askok diotenez “euskaldunberria”. Ez dakidana da noiz arte den euskaldun bat berria. Eta “euskaldunzahar” izan ezin denez, nik “euskaldungazte” esango diot. Euskalduna eta gaztea. Eskerrik asko Mariaje.
Eta ni naiz Jose, ni naiz Ana. Ikatzan ikusten dugu Beatriz, behin eta berriz, astero irriz, eta akabo hala ez balitz. Eskerrik asko Beatriz.
Ni naiz Soko, ni naiz Kristina, Adriana. Eta gurekin Iñaki eta Ainara, kafe kikara eta euskara. Eskerrik asko Iñaki. Eskerrik asko Ainara.
Gaur zaldi gainean noa, astoa ahaztuta, gero eta azkarrago. Hau abaila! Ze maila! Ze zaila!
Gaur zaldi gainean noa, zure bidetik, eta ez dut jaisteko asmorik. Arrastoa utzi nahi dut egindako bidean, zugan, zuk ere nigan utzi duzun moduan.
Bidelagun izan zaitut, nire bide eta nire lagun. Bide, zuk euskaraz egiten duzun moduan egin nahi dudalako nik ere, trebe, zaldi gainean errege. Eta lagun, nire euskaraz hitz egiteko esfortzu bakoitzak merezi duela sinistu dudalako zure ondoan, doan, eta aurrera doan nire euskalduntze bide oparoan, luzaroan, zu izango zaitudalako gogoan.
Zaldiak zaldi, astoak asto, ESKERRIK ASKO arrastoz arrasto egin dugun bideagatik, herria euskaraz margotzeagatik eta nigan sinisteagatik. Eta MILA ESKER, bazterrik bazter, laster, ni bezalako gehiagok euskaraz egingo dugulako, lotsarik gabe, belarriak luze, zaldi gainean.

Eskerrik asko, mintzalagun. Eskerrik asko, BIDELAGUN.

2016/06/21

Urola-Kostako amaiera ekitaldian ipuin kontalaria lagun







Ekainaren 16an Mintzalagun programaren ikasturte amaierako ekitaldia egin genuen Orion. Iñaki Carretero ipuin kontalari oriotarraren “Gazte euskaldun baten istorioak” ipuin saioaz gozatu eta mokadutxo bat janez eman genion amaiera ikasturteari mintzalagunok. 40 pertsona inguru elkartu ginen joan den asteko ekitaldian.



2016/06/14

Mendi buelta ikasturtea bikain amaitzeko Urola Kostako mintzalagunek!





Datorren larunbatean, hilak 18, Herniora igoko gara tipi-tapa! Azkoitiarrak Errezildik eta kostaldekoak berriz, Iturriotzetik. Behin denok Zelatunera iritsitakoan tontorra gure zain izango dugu!

Ibilalditxoa amaitzen dugunean hamarretako ederra izango dugu zain Zelatuneko bordan!!! Aitzakiarik ez, beraz!!!


Animatu!!!!

Ikasturte amaierako festa Astigarragan!


Ikasturte amaiera dela medio, Astigarragako AEK-k Gurasolagun egitasmoan parte hartu dutenei eskerrak eman nahi izan dizkie. Batetik, Gurasolagunei zuzendutako askari handi bat antolatu du. Egitasmo horretan euskara praktikatu nahi dutenek parte hartzen dute, kasu horretan guraso direnek. Ikasturtean zehar, astean behin gelditzen dira, bai haur, bai gurasoak, eta euskaraz mintzatzen dira. Hori dela eta, amaiera emateko pasa den ostiralean, Astigarragako frontoian, arratsaldeko 17:00etan, ekitaldi bat antolatu zen eta, bertan, Xaguxarren eskutik jana eta haurrei zuzendutako jolasak izan ziren.




 Bestetik, datorren ostiralean, hilaren 17an, mintzalagunekin poteo bat egingo da eta, horretaz gain, bidelagunei omenalditxo bat egingo zaie. Horiek ere euskara praktikatzea izan dute helburu, baina helduak bakarrik dira partaide. Omenaldia Barandiaran plazan izango da arratsaldeko 19:00etan eta poteoa 19:30ean.

Egitasmo horietan parte hartu nahi dutenek orain ere aukera dute, izan ere, udan Gurasolagun zein Mintzalagun izateko aukera dago eta, horretarako, Astigarragako AEKn ekainaren 30era arteko epea dago izena emateko.

Animatu eta parte hartu!

2016/06/09

Ekainean ekintza ugari Andoainen!

Hona hemen informazio gehiago:

-Ekainaren 4an: Ondarreta ikastetxearen jaialdia zela baliatuz, ikastetxeko Guraso Elkarteak, udalak eta Andoaingo AEKk Mintzodromo bat antolatu genuen.






-Ekainaren 6an: Ipar Martxa praktikatu nahi dutenei eskainitako ikastaroa antolatu zen. Hemendik aurrera, astean behin geratuko gara praktikatzeko eta elkarren artean euskaraz aritzeko.








 -Ekainaren 8an: Sendabelar eta ukendu tailerra egin genuen. Eta bertan, Gurasolagun Pasaporteko ekintza guztiak egin zituzten bi familiei herriko aldizkari eta egunkariko harpidetza bana oparitu genizkien.











Orain, ikasturte amaierako festa besterik ez da falta!

2016/04/26

Apirila euskara pila



Azken aste hauetan herriko Mintzalagun eta gurasolagunek hainbat ekintzatan parte hartu dute.
Apirilaren 13an Andoaingo euskaltegiko ikasle batzuk, herriko mintzalagunak eta Tolosako mintzalagunak Gorrotxategi museoa ezagutzera joan ginen. Bertan, txokolate goxoa hartzeaz gain, garai bateko gozogintza ezagutzeko parada izan genuen. 
Apirilaren 20an Mintzomerienda bat egin genuen, helburu nagusia meriendatuz euskaraz hitz egitea da. Taldetxo bat elkartu ginen, anitza, eta oso gustura egon ginen terrazan. Eskerrak eman nahi dizkiegu Basteroko kafetegiko arduradunei beti primeran tratatzen gaituztelako. 






2016/04/25

Sendabelar ikastaroa Urnietan





Apirilaren 20an, arratsaldeko 17:30ean, Urnietako Lekaio
kultur-etxean, sendabelarren inguruko ikastaroa egin genuen
Urnietako mintzalagunentzat.

Bertan, Urnietako mintzalagun egitasmoan parte hartzen
duten talde ezberdinetako partaideak bildu ziren, 12 lagun
inguru, eta arratsalde atsegin bat igarotzeaz gain, asko
ikasi genuen sendabelar ezberdinei buruz: sendabelar
ezberdinak ezagutu, usaindu eta dastatu, ukenduak egiten
ikasi, arriskuak ezagutu... Hau guztia, Maika Cester gai-emailearen
eskutik.




2016/04/19

Sendabelar ikastaro bikaina

Apirilaren 6an elkartu zen lagun talde ederra eta euskara ahoan eta belarrak eskuan arratsalde atsegina pasatu zuten.






2016/04/04

Sendabelar ikastaroa Astigarragan


 


Datorren asteazkenean, hilak 6, Astigarragako AEK-k Sendabelar ikastaroa antolatu du Mintzalagun egitasmoan parte hartzen duten mintzalagunentzat. Dena den, herritarrek parte hartu nahi badute, ongi etorriak izango dira. Saioa AEK-ko lokalean, hots, Nabarra Oñatz kaleko lokalean, arratsaldeko 17:30ean izango da. Beraz, izena eman nahi duenarentzat hona hemen kontaktuak:

607 610 687

Animatu!

Urnietan mintzomerienda







Pasa den asteazkenean, hilak 16, Urnietako Biak kafetegian, Mintzomerienda antolatu zuen Hernanialdeko AEK-k Urnietako Mintzalagun egitasmoaren barruan. Bertara Mintzalagun egitasmoan parte hartzen dutenak gerturatu ziren eta euren esperientziak nahiz bizipenak elkartrukatu zituzten. Giroa oso ona izan zen eta, gainera, elkar ezagutzeko aukera izateaz gain, arratsalde atsegina pasa zuten elkarrekin.



2016/03/17

Usurbilen egindako Mintzalagun topaketa

Hementxe gure lagunen saio bikaina!!


 

Jarraitu horrela!!!

2016/03/16

Lehen Mintzalagun Topaketa Usurbilen

Martxoaren 15ean izango da, arratsaldeko 19:00eatb Pontxoenean. Informazio gehiago hemen



2016/02/22

Mintzalagun taldeen bilkura Zarautzen

Mintzalagun den Inaxio "Isasti"ren bertso ederrak abestuz, jakingo duzu zer gertatu zen:
Doinua: mutil mainontzi

-1-
Aurreko ostiralean
bai,Pagoeta kalean
Itsasmendi Auzo Elkarteak
duen lokalean
Eukenen ardurapean
ta mahai inguru batean
Mintzalagunak elkartu ginan
ilunabarrean (bis)

-2-
Hamar bat ginan guztira
Gehiago izan ohi dira!!
Talde txikia eta bitxia
Egokia,tira!!
Baina jarriaz begira
bakoitzan jaioterrira
Aniztasuna nabaria zen
emaitzan harira (bis)


-3-
Aramaio,Paris,Aia
Nafarroa ta Bizkaia
Zarautza eta Asteasukin
osatuaz mahaia
Giro jatorra, alaia
asetuaz gure nahia
Eseri eta jan edateko
heldu zen garaia (bis)

 
-4-
Mahaia betea janari
ta beharrezko edari
Zalantzik gabe,laguntzen dio
gure mingainari!!
Aurrena kontu kontari
eta ondoren kantari
Errepaso bat eman genion
kanta paperari (bis)

 
-5-
Hurbil zenez amaiera
joan baino lehen kalera
taldekideen ahotan noski
hauxe zen galdera
Noiz da hurrengo aukera?
Emaitzaren arabera
jende gehiago etorriko da
hemendik aurrera (bis)





2016/02/10

Ikastaro bikaina Astigarragan!

Joan den ostiralean, hilak 5, "inauterietako makillajea" ikastaroa egin genuen Astigarragako gurasolagunekin. Zilegi Eskolak eta Gurasolagun egitasmoak elkarrekin antolaturiko ekintza izan zen, Xaguxar Aisialdi taldearen
laguntzaz.

Arratsaldeko 16:45ean hasi ginen merendola batekin eta 18:15ean bukatu genuen. Bertaratutakoak oso gustora ibili ziren, eta haurrak aurpegia margotuta joan ziren etxera. 16 heldu inguru izan ginen bertan eta beste hainbeste haur. Elkarrekin momentu atsegin bat igarotzeko aitzakia bikaina izan zen.







2016/02/01

Inauterietako makillajea izeneko ikastaroa Astigarragan






 Datorren ostiralean, hilak 5, Astigarragako AEK-k, arratsaldeko 16:45ean, Gurasolagun eta Mintzalagun egitasmoetan dabiltzanei zuzendutako ikastaroa antolatu du. 

Inauteriak gertu direnez, Gurasolagunak, haurrekin noski, eta Mintzalagunak elkartzeko aukera izanik, “Inauterietako makillajea” ikastaroa egiteko gonbidapena luzatzen dizuegu. Egitasmo horietan parte hartzen ez duenak gerturatu nahi izango balu, izena emateko aukera izango luke. Hartara, bide batez, egitasmo hauek zer diren eta nola funtzionatzen duten bertatik bertara ikusteko aukera izango dute. 

Ikastaroa Astigarragako AEKren lokal berrian egingo da (Ibai-Lur jatetxearen ondoan).



Animatu eta parte hartu!