2020/04/24

Euskara praktikatzeko EHko topaketa birtuala


Erakutsi dugu etxean egotea ez dela oztopoa euskara praktikatzeko. Horregatik bete pauso bat eman eta  PRAKTIKATU zerbitzuak Euskara praktikatzeko euskal herriko Topaketa Birtuala antolatu du. Bai, Euskal Herri osokoa, Euskal Herriko hizkera eta doinuak entzuteko aproposa. Bertan, herri askotako berbalagunak, mintzalagunak, mintzakideak, ikasleak... euskaldunak batuko gara. Zeuk ere eman dezakezu izena, zatoz!

NOIZ? Maiatzaren 3an, igandea, 13:00ean
NOLA? Jitsi aplikazioan Zibergelak antolatuko ditugu, maiatzaren 2an postaz jasoko duzu zure gelaren helbidea. Igandean bertan sakatu eta sartuko zara.
IZENA EMATEKO AZKEN EGUNA: Apirilaren 30a
EMAN IZENA HEMEN: https://labur.eus/OdgUg

Inguruan ez baduzu euskara praktikatzeko aukera handirik eta gogoz bazaude, aukera paregabea duzu honakoa.  
Anima zaitez!

2020/04/22

Elkarrizketak ez du etenik

Begi bistakoa da itxialdia luzatzen ari dela, eta hasieran  berrogeialdia gehiegitxo zela iruditzen bazitzaigun ere, berrogeigarren egunera hurbiltzen ari gara. Egun hauetan, Aste Santuko oporrak ere tartean, Mintzalagunei elkarrizketekin jarraitzeko baliabide ugari eskaini dizkiegu, eta erantzuna oso ona izaten ari da. 
Andoaingo Mintzalagun batzuek ere umore onez hartu dute erronka,  eta birtualki elkartzea erabaki dute.


Bada, jarraitu ezazue horrela, eta erakutsi dezagun birusak ez gaituela mututuko!

2020/04/06

Bideodeien arrakasta

Urola Kostan ere bideo-deien aldeko apustua egin dute hitzorduari eutsi ahal izateko. Irudiok bidali dizkigu Eukene dinamizatzaileak, Zarauzko, Zumaiako eta Orioko kideak ditugu. Ederki ari zarete, segi mingaina astintzen!

Umore onez eta alai, guztiak ere prest euren hitzorduari ekiteko.

Aste honetan udaberriko oporrak hartuko ditugu, eta etxean egon beharko dugun arren, badago proposamen ugari euskaraz gozatzeko.Hor behean dituzue iradokizun batzuk.

Oporraldi on! Eta gogoratu: #BirusakEzGaituMututuko


PROPOSAMENAK

















2020/04/02

Azkoitian argazki lehiaketa martxan

Bideoak eta argazkiak trukatze honek ez dauka etenik! Azkoitian itxialdiari aurre egiteko argazki lehiaketa abiatu dute, eta arrakasta izaten ari da parte hartzaileen artean. Oihana dinamizatzaileak argazki hauek bidali dizkigu.




Bistan da sormena ez dutela falta! Bejondeizuela!

2020/04/01

Teknologiak ere batzen gaitu

Ez dago esan beharrik teknologia aliatu garrantzitsua dela elkarren berri izateko. Azken egunotan mota guztietako bideoak ari gara ikusten sarean: bilerak online, umeak entretenitzeko jolasak, aplikazio dibertigarriak ingurukoekin hitz egiteko... Beraz, nahi badugu, komunikazioak ez du etenik!
Euskal Herriko mintzakide askok ere teknologien aldeko apustua egin dute eta ez diote asteroko hitzorduari muzin egin nahi.  Hemen egitasmoko partaide batzuk elkarrekin solasaldian.

























Bistan da egoera xelebre honek ere irudi politak uzten dizkigula. Zuek ere animatu zaitezte online egiten! #BirusakEzGaituMututuko