2018/01/29

Eguraldi txarrari aurre eginez mingainak dantzan





Ezin aipatu gabe utzi mintzalagunon borondatea... duela zenbait egun  Zarauzko mintzalagun batzuek euri zaparradari, txingorrari eta hotzari aurre egin eta antolatutako mintzodromoan parte hartu zuten. Denok gustura ibili ginen! Mila-mila esker parte hartu duzuen guztioi. Hurrengora arte!

2018/01/24

Usurbilen kantu-jira larunbat honetan


Asteburuan ere ez dago aitzakiarik euskara praktikatzeko, baita euskal abestiez gozatzeko ere! Izan ere, Usurbilgo Mintzapraktika egitasmoko partaideak herriko kantu taldearekin kantu-jiran aterako dira, larunbat honetan, urtarrilaren 27an eguerdiko 12:00etan herrian zehar.  Inguruan bazabiltza, anima zaitez!

 

2018/01/22

21 talde Urola Kostan



Gero eta gehiago gara! Irailetik hona 21 talde hasi dira mintzalagun egitasmoan: 14 Zarautzen, 5 Orion eta 2 Zumaian, guztira 82 lagun. Egitasmoan interesa baduzu, izena eman dezakezu e-postaz: urolakosta@aek.eus, edo telefonoz: 625 485 215. Animatu eta parte hartu!

2018/01/19

Andoainen ipuin kontalaria izan genuen



Maialen Zubeldia ipuin kontalariak harri eta zur utzi gintuen bere istorio ederrekin! Hiru eta zortzi urte bitarteko umeek gozatu ederra hartu zuten atzo Bastero Kulturgunean, eta baita haurrak ez garenok ere. Izan ere, ipuinak politak dira berez, eta are politagoak gure hizkuntzan!

Bidaide egitasmoaren baitan egindako laugarren ekintza izan zen atzokoa. Hau galdu baduzu, lasai egon, aurrerago ere egingo ditugulako ekintza gehiago, guztiak ere euskara eta entretenimendua uztartuz.  

Informazio gehiago nahi izatera, deitu Andoaingo AEK euskaltegira: 943 59 17 04

2018/01/11

Bidelaguna behar dugu Andoainen


Andoainen, bi bidelari prest ditugu astero euskara praktikatzeko, Mintzalagun egitasmoan. Horretarako, bidelaguna (euskaldun zaharra) behar dugu talde horretan. Astearte edo ostegunetan dute posible, 18:00etatik 19:00etara.

Inor animatuko balitz, deitu Andoaingo AEK euskaltegira (943 59 17 04) edo idatzi andoain@aek.eus helbidera.

Animatu eta eman izena!