2010/03/17

GURASOAK MINTZALAGUN





MINTZALAGUN UROLA KOSTAN

Urola Kostako Udal Elkarteak MINTZALAGUNA UROLA KOSTAN ekimena jarri zuen martxan duela urtebete. Ekimenak arrakasta polita lortu du eta une honetan eskualdean 15 mintzatalde eta 50 pertsonatik gora ari dira parte hartzen (Zarautzen 10 talde, Getarian 2, Orion 2 eta Zumaian 2)..

MINTZALAGUN programaren helburua da euskaraz hitz egiteko aukera gehiago sortzea, hau da, euskaldunon arteko elkar ezagutza (euskaldun zaharrak eta berriak) bultzatzea eta hizkuntza gaitasuna eta erabiltzeko ohitura sustatzea. Horretarako, 3 edo 4 laguneko taldeak eratzen dira, euskaldun zaharrak eta euskaldun berriak, eta astean behin elkartzen dira ordubetez, euskaraz egiteko.

Horrekin batera, Udal Elkarteak eta udalek hainbat osagarri prestatu eta antolatzen dituzte programa indartzeko: partehartzaileen artean sarrerak zozketatu, irteerak antolatu eta abar.

Orain beste urrats bat egitera goaz: gurasoak mintzalagun

GURASOAK MINTZALAGUN

Egunero, astelehenetik ostiralera, seme-alabak ikastetxean dauden bitartean edo irten ondoren ordu asko ematen ditugu elkarrekin, parkean, ikastetxeko patioan... Giro hori oso egokia da mintzalagun taldeak sortu eta euskaldun zaharrak eta euskaldun berriak harremanetan jartzeko.

Ikastetxeak eta ekimen pilotua

Ekimena eskualdeko lau ikastetxetan jarriko dugu martxan: Zumaiako Institutuan, Orioko Zaragueta Herri Eskolan, Zarauzko Antonio Ikastetxean eta Zarauzko Orokieta Herri Eskolan. Aste Santu ondoren hasi eta ekaina amaieran bukatuko da. Ondoren, balorazioa egin eta hurrengo ikasturtean nahi duten eskualdeko ikastetxe guztietan jarriko dugu programa martxan.

Izena emateko epea eta lekua

Izena emateko epea zabalik dago eta martxoaren 26an amaituko da. Gurasoei ikastetxeak parte hartzeko gonbidapena bidaliko die eta kartelak jarriko ditugu. Parte hartzeko izena emateko orria bete eta ikastetxeko Idazkaritzan aurkeztu behar da (edo bestela e-mail bidez edo telefonoz honako hauetara deitu edo idatzita: tel. 943130175, urolakosta@aek.org (Amaia Olazabal)

Taldeak eta hasiera

Taldeak 3 edo 4 lagunekoak izango dira. Taldeak eratzeko kontuan hartuko dira bakoitzak hautatutako egutegia (egun eta orduak) eta zaletasunak. Taldeak ikastetxe bakoitzeko gurasoekin eratuko dira.

Taldeak martxan hasiko dira Aste Santuko oporren ondoren.

Konpromisoa

Astean behin ordubetez edo ordu eta erdiz elkartu eta euskaraz aritzeko konpromisoa eskatzen dugu. Taldeak dinamizatzailearen laguntza eta babesa izango ditu, hasieran nahiz taldea martxan dagoen epean.

Harrera ona

Urola Kostako Udal Elkartea eskualdeko ikastetxeengana hurbildu da GURASOAK MINTZALAGUN programa bideratzeko. Oso harrera ona egin diete ikastetxeek eta, beraz, eskerrak eman nahi dizkie, bereziki lehen saiakuntza honetan parte hartuko duten lau ikastetxeei.

ELKARLANEAN ANTOLATUA

MINTZALAGUN UROLA KOSTAN eta GURASOAK MINTZALAGUN PROGRAMA Urola Kostako Udal Elkarteko Euskara Zerbitzuak antolatutako ekimenak dira, honako hauekin elkarlanean:

Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako Euskara Zerbitzuak, Zarauzko Udal Euskaltegia, Urola Kostako AEK, Zaragueta Herri Eskola, Orokieta Herri Eskola, Antoniano Ikastetxea eta Zumaiako Instutua.

Mintzalaguna Urola Kostan programari buruzko argibide gehiago jasotzeko:

Amaia Olazabal

943 130175

urolakosta@aek.org

www.urolakosta.blogspot.com

No comments:

Post a Comment