2018/10/24

Testigantzak



Parte hartzea bezain garrantzitsua da eurei entzutea, badutelako zer esana. Oraingoan UrolaKostako Maite Etxaide eta Jesus Mari Alkortaren esperientziaren berri izan dugu. Amaia Zalduak jaso ditu hitzok

Mintzalagunen artean
Mintzalagun egitasmoaren baitan, astero ordubete egiten dute elkarrekin hainbat bidelari (euskara praktikatu nahi dutenak) eta bidelagunek (euskara ama hizkuntza dutenak). Batzuek ez diote erlojuari begiratu ere egiten, beste batzuk urte osoan biltzen dira; bada paseoan ibiltzen denik, mendian, edo pintxo-poteoan, edo kultur ekitaldietara joaten denik ere. Asko koadrila ere bihurtu dira. Horrek guztiak argi erakusten du egitasmo eraginkorra dela eta hasierako aurreikuspenak gainditu dituela.

10. ikasturtea egingo du aurten Urola kostako Mintzalagunek eta, oraindik, badira hasiera-hasieratik euskara praktikatzeari ekin ziotenak; baina, beti ere, Amaia Zaldua Arrillaga koordinatzaileak esan bezala, “pozgarria da jendea animatzea”. Egun, 20 mintza-talde ditugu gure eskualdean, eta aekidea ziur dago gehixeago izango direla ikasturtea amaitzerako; izan ere, “euskaraz praktikatu nahi dutenek erraz jotzen dute gugana; horregatik, itxaron-zerrenda moduko bat dugu. Zailagoa da, ordea, bidelagunak (txikitatik euskaraz bizi izan direnak) erakartzea. Hori dela eta, deia egin nahi dugu: astean ordu betez, taldetxo batekin bildu eta euskaraz hitz egiteko prest dagoenak, jo dezala gugana.”

Orioko mintzalaguna
 
Aste honetan, mugikorra eskutan hartu eta selfie-a atera dute Orioko mintzatalde bateko kideek. Kazetari-lanetan ibiltzeko beldur ziren, baina ondo asko erantzun diote egitekoari.
Zergatik hasi zineten Mintzalagunen?
Jesus Mari Alkorta: Gu euskaldunak gara, Euskadin bizi gara, eta falta zaigun bakarra da euskara. Niretzat trauma txikia (edo handia) izan da, eta horregatik, nire euskara hobetu nahi dut.
Maite Etxaide: Nire asmoa da euskaraz bizi eta neure gurasoen hizkuntza, neure barruan dagoena, gogoratzea.
Zergatik jarraitzen duzue?
Maite: Jendearekin hitz egiteko aukera ematen du Mintzalagunek eta aberasgarria da.

Gomendatuko zenukete Mintzalagun?
Jesus Mari: Nik bai; jende guztiak hitz egin behar luke euskaraz.
Maite: Noski; jendearekin esperientziak sortzen dira eta oso polita da hori.
  
Erronkak 
Amaia Zaldua Arrillagak esan digu Zumaia, Zarautz eta Orion nahiko finkatuta dagoela egitasmoa; datuak ikustea besterik ez dago: hiru talde Zumaian, hamabost Zarautzen eta bi Orion. Asmoa, ordea, kopuru horiek pixka bat handitzea da, talderik gabeko bidelariak badaudenez gero. Alabaina, arduradunak garrantzitsu irizten dio Getarian eta Aian ere talde bana osatzeari, saioren bat edo beste egin den arren, ez delako lortu ekimena errotzea, “eta hori, ohitura sortzea, alegia, berebizikoa da praktikatzeko laguntza honek jarraipena izan dezan”. Gaineratu du zaila izango dela erronkari erantzutea; bi herri horietan euskaltegirik ez baitago.
Dena den, “ikasturte hasieran, ditugun datuak izatea txalotzekoa da. Eskertzekoa da herritarrek erakusten duten prestutasuna".

No comments:

Post a Comment