2018/09/17
18-19ko PraktikatuetaBizi kanpaina martxan
Hemen gatoz berriro ere! Uda osteko atsedealdi gozoaren ondoren, Euskal Herri osoan zabalik dago jada izena emateko epea mintzalagun, berbalagun, mintzakide edota gurasolagun taldeetan parte hartzeko.
Denetarik dago aukeran: astean behin tabernan elkartu gustura eta lasai hitz egiteko, Kirolaz eta Naturaz gozatzera joan, mintzodromoetan parte hartu, bizikleta hartuta lagunarteko txangoak egin, gurasolagunetan aritu... Denetan sentituko zarete primeran, nork bere helburua beteko duelako seguru: euskara-eskoletan ikasitakoa praktikatzeko abagunea, jende askorekin euskaraz egiteko aukera, inguruko euskaldunekin harremanetan hasteko modu zuzena... Hori guztia egongo da, bai eta askoz gehiago ere: parada bikaina da pozik ibiltzeko eta aisialdian ondo pasatzeko.
Gaurtik aurrera, bestalde, herriz herri aurkeztuko dira mintzapraktika-egitasmoak; ikasturte honetan, toki gehiagotan antolatuko dira taldeak, euskara gero eta indartsuago ager eta entzun dadin nonahi.
Beraz, 2018-19 ikasturte honetan parte hartu nahi baduzu mintzapraktika-programaren batean, jadanik eman dezakezu izena zure gustuko egitasmo(et)an. Aski duzu zeure inguruko euskaltegi, euskara-elkarte edo euskara-zerbitzuetara jotzea.
2018/07/09
Eskerrik asko!
Kito. Mintzalagunon ikasturteak ere eman du berea. Urrian hasi eta ekainera arte, mintzalagunok asteroko hitzordua mantendu dugu. Tartean egon dira, otordu, abesti, tailer eta barre algarak, eta ez genuke hemen bukatzerik nahi.
Mintzalagun, eskerrik asko proiektu honetan sinisteagatik. Eskerrik asko zure denbora gure hizkuntzan inbertitzeagatik. Jarraitu euskaraz bizitzen, jarraitu euskaraz sentitzen. Uda badator, baina honek ez du atsedenik.
2018/06/29
Omenaldi hunkigarria jaso dute Azkoitian Mintzalaguneko bidelagunek
Ez baita gutxiagorako bidelagunek egiten duten borondatezko lana. Euren denbora eskaintzen diete euskara pratikatu nahi dutenei, astean ordubete. Huskeria dirudien arren, ez da batere erraza egun ordubete eskaintzea beste norbaiten alde, beharra duenari laguntzeko. Azkoitian hori gogora ekarri nahi izan dute, eta merezitako omenaldia jaso dute 27 bidelagunek. HEMEN duzue kronika osoa.
Bidelagun eta bidelari, mila esker egitasmo honetan parte hartzeagatik, mila esker zure denbora gure hizkuntzari eskaintzeagatik. Eskerrik asko, eta nahi duzuen arte!
2018/06/26
Ikasturtea amaitu dugu!
Udako solstizioak udan sartu garela adierazten digu, eta jakina, horrekin batera ikasturtea ere amaitutzat jotzen dugu. Behar bezalako agurra egiteko hainbat herritako mintzalagunek ospakizun ederra egin dute.
Anoetan, esaterako, afari merienda egin zuten Kuku elkartean. Ezustekoak ere egon ziren, izan ere, lau bidelariri ATARIA egunkariko urtebeteko harpidetza oparitu zieten, egitasmoan parte hartzea eskertze aldera.
Andoainen ere umoreko bukatu nahi izan zuten, eta zer hobeto abesten bukatzea baino! Mintzalagunak eta euskaltegiko ikasleak ere hurbildu ziren, eta giro ederra eta polita sortu zen gero! Euskaraldirako argazkia ateratzeko ere aprobetxatu zuten aukera
Azkoitian, berriz, ostiral honetan emango diote amaiera ikasturteari
eskertza omenaldiaren bidez. Denetarik prestatu dute:euskaldun berriek
testu bat irakurriko dute, euskaldun zaharrek ere
tartetxo bat izango dute bi hitz egiteko, bertsolari baek ere parte
hartuko dute, bideo bat ere prestatu dute euskaldun berriekin.
Subscribe to:
Posts (Atom)




