2018/11/05

Ikasleak eta mintzalagunak ere Euskaraldiarekin bat!


Mugarria izango da bai Euskaraldia Euskal Herrian. Hiru aste eskas geratzen dira ekimenari hasiera emateko, eta dagoeneko hainbat lagunek euren babesa adierazi dute... Sare sozialetan argazkiak zabaltzen ari dira... Guk ere Euskaraldiarekin bat egiten dugu, eta horretarako argazkia atera genuen Andoaingo ikasle eta mintzalagunekin. Zuk ere bat egingo duzu, ezta? Izan zaitez ahobizi edo belarriprest!

2018/10/29

PRAKTIKATU ETA BIZI spota 2018





Euskara praktikatu nahi baduzu edo euskaraz bizitzeko aukera berrien
bila bazabiltza, eman izena mintzapraktika talde batean: berbalagun,
mintzalagun, mintzakide, gurasolagun... DOHAINIK da!

Edo agian ez da zure kasua, baina ezagutzen duzu ekimen hauetakoren bat ondo etorriko zaionik ere, ez egin zalantzarik eta zabaldu mezua!

Izen ematea online HEMEN:

Informazio gehiago gertuen duzun euskaltegian edo udaletxean. 
ANIMA ZAITEZ!


2018/10/26

Azkoitian aurkezpen ekitaldia

Azkoitian ere Mintzalaguneko aurkezpen ekitaldia egin zuten atzo, osteguna. Horretarako, Kontzejupen elkartu eta 19:00etan eta mokadutxo egin zuten. Egitasmoko kideek beraiek ekarri zuten jatekoa: txorixoa, urdaiazpikoa, ogia, patatak,patata tortillak,gazta, bizkotxoak, brownie... Sabela beteta
23 lagun bildu  ziren guztira eta aurten izena emandako 8 laguni ongi etorria egiteko aprobetxatu zuten ekitaldia. Jolasak ere tarteko, elkar ezagutzeko eta mintzalagunen sarea indartzeko parada izan zuten atzokoan.

Ongietorri, beraz, Mintzalagunera eta eskerrik asko!




2018/10/24

Testigantzak



Parte hartzea bezain garrantzitsua da eurei entzutea, badutelako zer esana. Oraingoan UrolaKostako Maite Etxaide eta Jesus Mari Alkortaren esperientziaren berri izan dugu. Amaia Zalduak jaso ditu hitzok

Mintzalagunen artean
Mintzalagun egitasmoaren baitan, astero ordubete egiten dute elkarrekin hainbat bidelari (euskara praktikatu nahi dutenak) eta bidelagunek (euskara ama hizkuntza dutenak). Batzuek ez diote erlojuari begiratu ere egiten, beste batzuk urte osoan biltzen dira; bada paseoan ibiltzen denik, mendian, edo pintxo-poteoan, edo kultur ekitaldietara joaten denik ere. Asko koadrila ere bihurtu dira. Horrek guztiak argi erakusten du egitasmo eraginkorra dela eta hasierako aurreikuspenak gainditu dituela.

10. ikasturtea egingo du aurten Urola kostako Mintzalagunek eta, oraindik, badira hasiera-hasieratik euskara praktikatzeari ekin ziotenak; baina, beti ere, Amaia Zaldua Arrillaga koordinatzaileak esan bezala, “pozgarria da jendea animatzea”. Egun, 20 mintza-talde ditugu gure eskualdean, eta aekidea ziur dago gehixeago izango direla ikasturtea amaitzerako; izan ere, “euskaraz praktikatu nahi dutenek erraz jotzen dute gugana; horregatik, itxaron-zerrenda moduko bat dugu. Zailagoa da, ordea, bidelagunak (txikitatik euskaraz bizi izan direnak) erakartzea. Hori dela eta, deia egin nahi dugu: astean ordu betez, taldetxo batekin bildu eta euskaraz hitz egiteko prest dagoenak, jo dezala gugana.”

Orioko mintzalaguna
 
Aste honetan, mugikorra eskutan hartu eta selfie-a atera dute Orioko mintzatalde bateko kideek. Kazetari-lanetan ibiltzeko beldur ziren, baina ondo asko erantzun diote egitekoari.
Zergatik hasi zineten Mintzalagunen?
Jesus Mari Alkorta: Gu euskaldunak gara, Euskadin bizi gara, eta falta zaigun bakarra da euskara. Niretzat trauma txikia (edo handia) izan da, eta horregatik, nire euskara hobetu nahi dut.
Maite Etxaide: Nire asmoa da euskaraz bizi eta neure gurasoen hizkuntza, neure barruan dagoena, gogoratzea.
Zergatik jarraitzen duzue?
Maite: Jendearekin hitz egiteko aukera ematen du Mintzalagunek eta aberasgarria da.

Gomendatuko zenukete Mintzalagun?
Jesus Mari: Nik bai; jende guztiak hitz egin behar luke euskaraz.
Maite: Noski; jendearekin esperientziak sortzen dira eta oso polita da hori.
  
Erronkak 
Amaia Zaldua Arrillagak esan digu Zumaia, Zarautz eta Orion nahiko finkatuta dagoela egitasmoa; datuak ikustea besterik ez dago: hiru talde Zumaian, hamabost Zarautzen eta bi Orion. Asmoa, ordea, kopuru horiek pixka bat handitzea da, talderik gabeko bidelariak badaudenez gero. Alabaina, arduradunak garrantzitsu irizten dio Getarian eta Aian ere talde bana osatzeari, saioren bat edo beste egin den arren, ez delako lortu ekimena errotzea, “eta hori, ohitura sortzea, alegia, berebizikoa da praktikatzeko laguntza honek jarraipena izan dezan”. Gaineratu du zaila izango dela erronkari erantzutea; bi herri horietan euskaltegirik ez baitago.
Dena den, “ikasturte hasieran, ditugun datuak izatea txalotzekoa da. Eskertzekoa da herritarrek erakusten duten prestutasuna".

2018/10/18

Bertso eta kantuz, umore ona nagusi atzoko ekitaldian!


Ez zuten nolanahiko gonbidatua ekarri Andoaingo Mintzalaguna 2018-2019 egitasmoari ekiteko: Xabi Paya. 
Ekitaldia xumea izan zen, baina aldi berean polita eta ikusgarria. Lehenik mintzalagunek eurek osatutako bideo laburra ikusi zuten sarrera gisara, eta ondoren Ainara Rodriguez zinegotziak eta Ainara Loiarte ekimenaren dinamizatzaileek hartu zuten hitza. Mintzalagunaren garrantzia aipatu zuten, Andoainen gero eta indar handiagoa hartzen ari baita, eta dagoeneko herrian zortzigarrenez jarri dute martxan. Ezinbestekoa parte hartzaileen inplikazioa, eta zoriontzekoa, era berean,  egiten duten ahalegina, nabarmendu zutenez.



Ondoren Xabi Payak pianoren laguntzaz hiru bertso sorta abestu zituen, eta kantuan jarri ere bertaratu zirenak! Bere garaian Payak berak euskarari eta euskalduntasunari jarritako bertso idatziak ekarri zituen. Umorez eta bere grazia propioz kontatu zituen bere hastapenak, baita euskararekin izandako harremana ere.
Luntx txiki batekin amaitu zen ekitaldia. 

Dagoeneko martxan bada ere, urte osoan zehar eman daiteke izena Mintzalagunean, udaletxeko euskara zerbitzuan edota Andoaingo AEK euskaltegian. (943 30 08 31/ 943 59 17 04)