2019/01/17

Giro ederra ipuin kontaketan

Andoaingo Mintzalagunak antolatuta, ipuin kontaketa izan zen atzo Bastero kulturgunean, arratsaldeko 17:30ean. Saiora jende mordoxka hurbildu zen, guraso zein haur, eta giro ederrean entzun zituzten Leire Zinkunegi kontalariaren ipuinak.

Profesional ona zela  agerian utzi zuen Leire Zinkunegi ipuin kontalari oriotarrak. Saiora hurbildutako haurrak gogo oneko eta mugitzeko beharrez zeudela ikusita, kantu batekin eman zion hasiera saioari, Haurren arreta bereganatuta, bi ipuin kontatu zituen: lehena, "Lukas Sagua" eta ,bigarrena, "Barrurago sakonago", laguntasuna, elkarlana eta jakinduria, besteak beste,  elkarbanatzen dituzten istorioak, hain zuzen. Asmoa haurrak eta laguntzaileen arteko intereakzioa sustatzea bazen ere, testuinguruak ez zuen gehiegi lagundu. Dena den, bertaratutakoak gustura geratu ziren entzundakoarekin, belarriak eta irudimena ere gozatu baitzituzten.


Arestian aipatu bezala, Andoaingo Mintzalagunak antolatutako saioa izan zen, Bidaide egitasmoaren baitan, Azken honen helburua da gurasoek eta haurrek euskaraz jarduera ludiko eta entretenigarriak egitea, eta horretarako baliabideak jartzea. Hurrengoan sukaldaritza tailerra eskainiko dute, otsailaren 15ean.

No comments:

Post a Comment