2018/04/20

Badok.info berrituak eskaintza zabalagoa dakar



Hizkuntzaz gozatzeko mila eta bat aukera ditugu gaur egun: literatura, zinea, antzerkia, musika... oraingo honetan azken honi erreparatuko diogu. Euskal Herriko musikagintzaren abaniko zabala eskaintzen digu BADOK atari digitalak.Orain arteko ezaugarriak mantenduta eta berriak gehituta, euskal kantagintza ezagutu eta entzuteko gune eraginkorragoa bilakatu da Badok.info ataria. Berria kazetak sortu zuen 2009an, euskal kantagintzari buruzko dokumentazio bilgune izan zedin. Atari berrituak ezaugarri horiei eutsi badie ere, aldaketa esanguratsuak izan ditu, eta orain hiru zutabe nagusi ditu.  Batetik, euskal musikaren kontsumoa eta hedapena sustatzeko asmoz, streaming bidez euskal musika entzuteko plataforma bilakatu da. Hainbat aukera eskaintzen ditu zerbitzu horrek: beste plataformetan dagoen euskal musika entzun, zerrenda propioak sortu, musikari eta jende ezagunaren zerrendak entzun... Bestetik, euskaraz ekoitzitako lanen datu-basea hobetu eta osatu dute. Azkenik, aldizkari digitala ere izango du atariak, gaurkotasunari, azterketari eta kritikari lekua egiteko. Azken atal honetan, halaber, zenbait blogariren lanak eta gai jakinei buruzko sailak ere irakurri ahal izango dira.

2018/04/12

Hizkuntza gutxituen alde, korrika!





Kasu honetan, bretoieraren alde. Izan ere, euskaldunok ez gara Korrika gabiltzan bakarrak. Honen adibide argia da Ar Redadeg ekimena, bretoieraren aldeko Korrika da berau. Maiatzaren 4an hasiko da Kemperretik, eta 1800 kilometro egindakoan, hilaren 12an bukatuko da Plougernen. Bertan, Ipar Euskal Herriko AEK-k kilometroa hartu eta korrikaldia burutuko du; bigarren larunbatean, hain zuzen: maiatzaren 12an. 

Zeuk ere bertan parte hartzeko aukera daukazu. Izan ere, Oiartzundik autobusa antolatu dute Karaez-Oiartzun Senidetza taldeak eta Oarsoaldeko AEK-k. 
 
Oiartzuarrek apirilaren 1etik 15era eman beharko dute izena, eta izen-emate irekia apirilaren 16tik 30era izango da. Interesa izanez gero, mezua bidali redadeg2018@gmail.com helbidera.

2018/03/23

Sei txango KIROLA ETA NATURA egitasmoaren barruan


Kirola eta Natura egitasmoa abiatu du AEKren Praktikatu zerbitzuak. Zikloa osatuko duten sei txangoak Praktikaturen ohiko eskaintza osatzera datoz. Orain arte Mendilagunak, Berbabentura eta Barnetegi Ibiltariei esker mendi irteerak, eskalada, orientazio ikastaroak, arroila jaitsierak... euskaraz burutu badira ere, sei txango hauek kirola, natura eta euskarazko kultur eskaintzaren konbinazioa izan nahi dute. Helburua da Euskal Herriko kultura eta parajeak euskaraz ezagutzea, eta egun atsegin bat igarotzea natura errespetatzen ikasiz. 

Dagoeneko egin dira irteera batzuk; biharkoa bertan behera geratu da eguraldi txarra dela eta. Hurrengoa apirilaren 21ean izango da, Trapagaranen, Zugaztietan orientazioa lantzeko asmoz. Informazio osagarria eta izen ematea, ondorengo helbidean. 

Anima zaitezte! Aukera paregabea baita euskaraz ere naturaz gozatzeko.

2018/03/21

Andoaingo dantza tailerrean izena emateko aukera




Bidaide egitasmoko bosgarren ekintza izango da dantza tailerra. Andoainen egingo da datorren apirilaren 24an, eta dagoeneko izena eman daiteke; 5 eta 8 urte bitarteko harrentzat zuzendua dago. Guraso eta haurrek elkarrekin euskaraz jardutea da ekimen honen helburua, batez ere aisialdiari begira. Inguruan bazabiltza, anima zaitez!

2018/03/16

Euskara integrazio hizkuntza

Gero eta gehiago gara euskara ikasteko hautua egiten dugunak, eta ez soilik Euskal Herritarrak. Bada kanpotik etorri eta gure hizkuntzara hurbiltzea erabakitzen duenik ere. ARGIA astekariak bideo interesgarri honetan bildu ditu hainbat bizipen. Gozatu!